• ENPRESAK GAUR
  • Hegazkin pilotuei hobe komunikatzen irakasten dien appa

Hegazkin pilotuei hobe komunikatzen irakasten dien appa

KoAir aurten jarri da martxan, sektore aeronautikoan elkarreraginak errazteko asmoarekin

Edel Gonzalez, KoAiren sortzailea | Argazkia: utzita
Edel Gonzalez, KoAiren sortzailea | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2026ko irailaren 12a - 05:30

Kazetaritza-ikasketak Nafarroako Unibertsitatean 2021an amaitu eta gero, Edel González Garcés 27 urteko iruindarra hainbat lanetan murgildu zen, hala nola, bideo-edizioan eta marketinean. Lan hori egin bitartean, Irunberriko Pyrineum Nazioarteko Hegaldi Zentroan hegazkin txikien pilotua izateko titulua prestatzen hasi zen, hegazkingintza aspalditik bere afizioetako bat izan baita. Azken horretan ari zela, konturatu zen pilotu izateko erronka nagusiak ez zirela bakarrik teknikoak, “baizik eta lankideekin komunikatzea ere”.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Gonzálezek hizkuntzen ikasketarekin konparazioa egiten du: “Edozein hizkuntza teorikoki ikastea gutxi gorabehera erraza izan daiteke, baina praktikan askotan zailagoa bilakatzen da, ez zaizkizulako hitzak ateratzen edo zer esan jakin gabe geratzen baitzara”. Hegazkingintzan ere halako zerbait gertatzen da; “izu eszenikoaren antzeko zerbait da”, dio. Gauzak hala, konturatu zen adimen artifizialari loturiko aplikazioek baimentzen dutela alor hori praktikatzea edonon egonda ere, "baita etxean ere”.

KoAirren lehen urratsak

Ideia horrekin, KoAir sortu zuen duela bederatzi hilabete inguru. Izenak ko elementua (kopilotu eta konpainiari erreferentzia egiten diena) eta air (ingelesez aire) elkartzen ditu.

 

Taldea, oraingoz, hiru pertsonek osatzen dute. González bera merkataritza lanez arduratzen da. Bere bi kideak Miguel, operazioetan espezializatuta, eta Cristian, garapen eta teknikan zentratuta, dira.

Edel Gonzalez: "KoAirek hainbat jarduera eskaintzen ditu: baimenak eskatzea, zirkulazioko zirkuitu batean sartzea, kontrol-dorrearekin komunikatzea..."

2026ko lehen erdia proiektuaren garapenera bideratu zuten gehienbat, eta sare sozialetan egindako lana ezagutzera ematera. “Hegaldi eskolekin ere jarri ginen harremanetan, baita banakako ikasleekin ere", plazaratu du. Azken horiek haien kabuz deskargatu dute programa Google Play edo App Storen bidez.

Hasieran, proposamenaren prototipo bat doan probatzea eskaini zien abiazio-zaleei, haiek balioztatu zezaten. Osotara, gaztelaniaz hitz egiten zuten 60 eta 70 pilotu inguruk hartu zuten parte. Horiek emandako feedback positiboa zein negatiboa jaso eta hori baliatu zuten proiektua hobetzeko aldaketak ezarri ahal izateko.

Komunikazioaren hobekuntza, apparen aukera guztiek partekatzen duten zutabea

KoAirrek hainbat jarduera eskaintzen ditu, bakoitza bere helburuarekin. "Baimenak eskatzea, zirkulazioko zirkuitu batean sartzea, edo kontrol-dorrearekin komunikatzea horietako batzuk". Ikasteko jarduerak, “bideo-joko baten antzera, erraz hasi eta gutxinaka konplikatuago bilakatzen dira“.

Hegazkingintzaren zalearen arabera, pilotu batek bereganatu behar duen gaitasun funtsezkoenetako bat entzute aktiboaren jarraibidea da. "Azken finean, pilotuek erabiltzen duten hizkera, hiztegia eta esaldien ordena oso zehatzak dira, eta haien elementuak oso ongi adierazi behar dira”.

Koair aplikazioa | Argazkia: utzita
KoAir aplikazioa | Argazkia: utzita

Hori dela eta, jardueren atal garrantzitsu bat ikasleari terminologia errepikaraztea da, ondo ulertu duela jakin dadin. "Pilotuak ere geltokiak, matrikulak eta bestelako kontzeptuak bereganatzen ikasi behar du, horiek ez nahastu eta esaldiak gaizki ez esatearren”. Egiazko komunikazioa simulatzeko jokoak ere eskaintzen ditu; adibidez “Iruñetik Bartzelonarako hegaldi bat aireratzetik lurreratzera kudeatzea, alfabeto aeronautikoa erabiliz”.

Hala ere, ez dago zehazki segurtasunari buruzko frogarik, esaterako, larrialdien prebentzioari loturikoa. Izan ere, "Segurtasun-protokoloa jardueren muin nagusia da,  inplizituki dagoen zerbait, gehienbat komunikazioaren bidez gauzatzen dena”.

Sendotzea eta hazkuntza

Orain arte, Espainiako Estatuko sei hegaldi eskola, eta hainbat pilotu eta ikaslerekin jarri da kontaktuan Gonzalez. Aurreko hilabetetik, gainera, Estatu Batuen lehiakide diren enpresak aztertzen ari da, zer erreplikatu daitekeen zehazteko.

Aplikazioan bestelako eduki didaktikoak sartu nahi ditu. "Adibidez, ingeles aeronautikoa -—zeruko hizkuntza ofiziala, deitu ohi zaion bezala—", dio. Europara zabaltzea ere bilatzen du, Estatu kide guztiek araudi bera jarraitzen dutela aprobetxatuta. AEBra ere egin nahiko luke salto, "baina ez dugu hain ondo ezagutzen", amaitu du ekintzaileak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain