
Nortasuna Sareanen 10. jardunaldia egingo da martxoaren 26an, Donostiako San Telmo museoan, TaPuntu kooperatibaren eskutik. KomunikaziONA bidegurutzean lelopean, ekimenak helburu izango du “komunikazio joera kaltegarrien aurrean, egoera ulertu eta alternatiba topatzen ahalegintzea”.
Egitaraua hiru ekintzatan banatuko da: batetik, bi adituren hitzaldiak eskainiko dira, eta, bestetik, hiru enpresetako kideen esperientziak entzuteko aukera izango da.
Lehen hitzaldia Xabier Landabidea Urresti ikertzaile eta irakasleak eskainiko du, zeinak ondorengo izena duen: “Komunikazioaren teknologien ahoak: bost momentu”. Bertan, eraldaketa teknologikoek ekarri dituzten onurak aztertuko dira, baita “eskatu dizkiguten ordainak” ere. Ondoren, Estitxu Garai Artetxe komunikazioan aditu eta ikertzaileak “Komunikazioaren anatomia” hitzaldia eskainiko du, non komunikazio aholkularien ardurez eta konpromisoez hitz egingo duen.
Bestalde, Jordina Arnau Roig aholkulariaren, Ainhoa Mendibil Artetxe Emun kooperatibako kidearen eta Mattin Solis Uitzi TEKS elkarteko kidearen esperientziak ezagutzeko parada izango da ekitaldian. Hurrenez hurren, ondorengo galderak izango dituzte hizpide: “Nola sortu errelatoak giza eskubideen defentsarako? Komunikazioak balio al dezake etorkizun desiragarriak sortzeko?”, “Zein toki du euskarak markagintzan? Talentua erakartzeko baliotzat jotzen al dugu?” eta “Zergatik egin fedibertsoaren aldeko hautua? Nola egin sare pribatiboetatik libreetarako trantsizioa?”.