Komunitatea, enpresen misioaren parte

B Corp mugimendua 2006an sortu zuten, enpresen ahalmena gizartearen onurarako aprobetxatzeko asmoz

    Argazkia: B Corp
    Argazkia: B Corp
    K
    2022eko abuztuaren 24a

    Duela hilabete inguru berri bat entzun nuen irratian: estatus juridiko berri bat sortu dute enpresentzat, Onura eta Interes Partekatuko Sozietatea delakoa —gazteleraz, Sociedades de Beneficio e Interés Común—. Enpresa horiek ez dute abantaila fiskalik jasoko, eta estatus hori lortzeko kontu-ikuskaritzak pasa beharko dituzte, gizarte, ingurugiro eta zuzendaritza ekintza onei buruzkoak.

     

    Enpresen gizarte erantzukizunean etengabe gauzak sortuz eta aldatzen doaz; ondorioz, adi izan behar duzu etengabe, galduta sentitu nahi ez baduzu. Lege berri hau B Corp mugimenduak bultzatu du. Mugimendu ikaragarria da mundu mailan. Aspaldiko ekimena da, 2006an Ameriketako Estatu Batuetan sortutakoa. Hiru lagunek ikuskera bat partekatzen zuten: enpresak gizarteari on egiteko indar bat zirela defendatzen zuten, hain zuzen ere. Euskal Herrian, ordea, ez denez oso ezaguna, ahalik eta hobekien azaltzeko asmoz nator.

    Enpresen gizarte erantzukizunaren hastapenetan, hainbat teoria ziren nagusi munduan. Horietako batzuek zioten gizartearen beharrak asetzea gobernuen erantzukizuna baino ez zirela. Aipaturiko B Corp mugimenduak, berriz, onartzen du gobernuek eta sektoreak ez dutela nahikoa baliabide egungo gizartearen erronkei aurre egiteko. Horregatik, egitasmoaren helburua da enpresek duten ahalmen handia aprobetxatzea gizartearentzat balioa sortzeko, eta ez soilik akziodun tradizionalentzat. Erronka sistemikoek irtenbide sistemikoak behar dituzte, eta B Corpek irtenbide zehatza ematen du, merkatuan oinarritua eta eskuragarria. Ekimena osatzen duten enpresen izaera ez da gehiegi aldentzen merkatari tradizionalen izaeratik; izan ere, produktu edo zerbitzu bat saldu eta irabaziak lortu nahi dituzte.

     

    B Corp mugimenduak, berriz, onartzen du gobernuek eta sektoreak ez dutela nahikoa baliabide egungo gizartearen erronkei aurre egiteko

    B Corpen ereduan sartzen diren enpresen aldaketa erradikala misioan datza. Misio horiek, azpiko balio edo helburuei funtsezko garrantzia emateaz gain, erakundearen azpiko komunitateari ematen diote indarra. Aldaketa horretarako hainbat laguntza tresna eskaintzen dituzte haien webgunean. Zure enpresaren egoeraren ebaluazioa doan egiten laguntzen dizute, B Lab izeneko talde bereziaren bidez. Irabazi asmorik gabeko erakundea da B Lab, eta B Corp izan nahi duten enpresen eta mugimenduaren arteko bitartekaria, alegia. Estandarrak, politikak eta tresnak sortzen ditu mugimenduan sartu nahi duten enpresentzat, komunitatea indartsuago egiteko eta paradigma ekonomiko berrirako bidea eraikitzeko asmoz. Halaber, B Hive ekintza ere eskaintzen dute, B Corp. mugimendua osatzen duten enpresek elkar konektatzeko eta bakoitzaren esperientziarekin elkarlana bultzatzeko.

    B Corp ziurtagiria lortzeko zenbait urrats jarraitu behar dira. Lehenik, jarduera proba eta inpaktu ebaluazioa pasa behar dute enpresek, eta formulario bat bete. Horietan 80 puntu atera beharko ditu. Bigarrenik, B Corp taldeak egiaztapen prozesua pasako dio enpresari. Gainbegiratze prozesua eta gero, estatus berria ofizial egin eta ebaluazioko emaitza argitaratuko da. Emaitza argitaratu ondoren, aurrera egiteko urteko kuota ordainduko du enpresak, irabazien araberakoa. 2.000 euro eta 50.000 euro bitartekoa izan daiteke. Era berean, enpresen estatutuen aldaketa egin beharko du, legea betetzeko. Izan ere, enpresaren helburua aldatu denez, gizarte helburu horri marko bat eman behar zaio estatutuetan azaleratu dadin. Hala, B Corp ziurtagiria lortzen da.

    2006. urtean hiru lagunen artean sortutako ideiak, gaur egungo gizarte egoerarekin eta mentalitate aldaketarekin sekulako indarra hartu du

    2006. urtean hiru lagunen artean sortutako ideiak, gaur egungo gizarte egoerarekin eta mentalitate aldaketarekin sekulako indarra hartu du. Gaur egun, B Corp mundu mailako mugimendua da, 5.000 enpresak baino gehiagok osatua, 78 herrialdetan eta 155 sektoretan banatua. Mugimendua gorantz doa eta kontuan hartu beharrekoa da. Euskal Herrian bada enpresa bat mugimenduaren parte dena: Ekomodo. Beste izen batzuk nabarmentzearren, Danone, Grupo Más Movil, Patagonia eta Veritas aipa ditzakegu. Adi egon beharko dugu nondik nora doan mugimendu hori.