Konekta BTOko langileek greba eguna dute gaur

El Correoren egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea telemarketin enpresako enplegatuek

Ekainean egindako lanuzte bat | Argazkia: LAB
Ekainean egindako lanuzte bat | Argazkia: LAB
2026ko abuztuaren 11 - 12:04
Eg. 2026ko abuztuaren 11 - 12:04

Abuztuko lehenengo greba eguna dute gaur Konekta BTO telemarketin enpresako langileek. LABek jakinarazi duenez, enpresa “ezkutuko” Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) bat egiten ari da, eta horren ondorioz hamahiru langile kaleratu dituztela azken bi hilabeteetan. 

 

Konekta BTO Gueñesen (Bizkaia) kokatuta dago, 275 langile ditu (%80 emakumeak) eta 4 bezero ditu. Bezero garrantzitsuenak Vocento eta Iberdrola dira, lanaren %95 baino gehiago barne hartzen baitute. Hain zuzen ere, orain arte kaleratutako 7 langilek Vocentoren kanpainan lan egiten zuten, eta beste 6ak Iberdrolaren kanpainan. 

“Iberdrolaren kasuan, diziplina-arrazoiak argudiatu ditu enpresak edo aldi baterako ezintasun-egoeran zeuden langileak kaleratu ditu. Vocentoren kasuan, kaleratzeak lan-bolumenaren murrizketa batek justifikatu ditu”, azaldu du LAB sindikatuak. Ohartarazi dutenez, oraindik %20 murriztu daiteke enplegua, “Vocentok hala eskatuta”.

 

Kontrara, sindikatuak dio langileak lantoki berean birkokatu daitezkeela oraindik ere, lanik ez delako falta, eta Konekta BTOri, Vocentori eta Iberdrolari “langileen eskubideekiko erabateko mespretxua” egotzi die. Gauzak horrela, egoera salatzeko lanuztea egiten ari dira gaur, 11:00etatik 17:00etara bitartean, eta 12:00etan El Correoren egoitzaren aurrean elkartuko dira, Bilbon. Ekainean eta uztailean ere egin zituzten beste lau lanuzte egun, eta abuztuaren 17an beste bat egitea aurreikusten dute.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain