
Urte luzez, Konfekoopek pauso sendoak eman ditu euskara eguneroko jardunaren ardatz bihurtzeko. Helburu hori ez da egun bakarreko lanaren emaitza izan, urte askotan egindako bidearen fruitua baizik, Naia Martinez de Compañón Konfekoopeko administrazioko teknikariak EnpresaBIDEAri azaldu dionez. 2025ean jasotako Harrobi ziurtagiria bide horren aitortza argia izan da, euskararen normalizazioaren aldeko konpromiso sendoaren seinale.
Harrobi, ordea, ez da helmuga hutsa. Konfekoopek urte hauetan modu aktiboan hartu du parte euskararen aldeko askotariko egitasmoetan, tartean Euskaraldia, Durangoko Azoka, Kilometroak, Araba Euskaraz eta Ibilaldia. Parte hartze horiek ez dira sinbolikoak izan; beraien konpromiso aktiboaren adierazle izan dira, euskara bizitzeko eta sustatzeko bokazioa erakusten dute.
Era berean, Konfekoop barruan euskararen presentzia indartu dute. Horren hainbat adibide jarri ditu Martinez de Compañonek: langileek euskaltegietan prestakuntza jasotzeko aukera dute, eta 2024ko ekainean sortutako Euskara Batzordeak hizkuntza politika zehaztu eta eguneratzeko ardura hartu du. Batzorde horren lanari esker, 2025-2028 Euskararen Plan Estrategikoa eta 2025eko Kudeaketa Plana diseinatu dira, euskararen erabilera sistematizatzeko eta eguneroko lanetara modu eraginkorrean eramateko tresna gisa.
Kooperatibetan euskararen erabilera zabaltzeko lana
Konfekoopetik bazkide diren kooperatibei itzulpen zerbitzua eskaintzen diete, egunerokoan euskararen erabilera errazteko. Zerbitzu horren bidez testuen itzulpena eta euskarazko baliabideak eskaintzen dituzte eta kooperatiben arteko komunikazioa euskalduntzen laguntzen dute, lan fluxua errazteko helburuarekin.
Bestalde, kooperatibetan euskararen erabilera zabaltzeko lanean jarraitzen dute, Harrobi ziurtagiria lortzeko aholkularitza eskainita eta Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatzeko ekintzak gauzatuta. Konfekoop Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko Zuzendaritza Kontseiluan dago, eta federatutako kooperatibek programa horretan parte har dezaten sustatzen dute. Halaber, urtero Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Harrobi eta Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien aitortza ekitaldira joaten dira, beste erakundeekin elkarlana sendotu eta eredugarritasuna sustatu asmoz.
Euskararen aldeko apustua
Euskal sare sendo baten aldeko apustuari eutsiz, AEKrekin elkarlanean aritzen dira: “Publizitatea lantzeaz gain, AEKren bulegoetan bilerak egiteko aukera ere ematen diegu, elkarrekiko konfiantzan eta elkarlanean oinarrituta. Hori guztia euskararen ekosistema bizi eta eraginkor baten aldeko apustuaren parte da”.
Plan Estrategikoak hiru erronka nagusi ditu ardatz: langileen euskara gaitasuna hobetzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskara planaren kudeaketa eta jarraipena egituratzea. Horretarako, hainbat ekimen jarri dira martxan: ikastaroak, hausnarketa saioak, Euskaraldia edo Eusle bezalako dinamika parte hartzaileak, eta zerbitzu euskaldunak bermatzeko neurriak.
2025ean barne dokumentuak euskaraz jasotzeko aukera handituko dute, bezeroentzako ereduak egokituko dira eta hausnarketa lehiaketak egingo dira
2025ean barne dokumentuak euskaraz jasotzeko aukera handituko dute, bezeroentzako ereduak egokituko dira eta hausnarketa lehiaketak egingo dira, betiere langile euskaldunak ahalduntzea eta euren hizkuntza jarrerak indartzea helburu nagusi izanik.
Kooperatiba euskaldunak jomuga
Konfekoopen helburua argia da: “Gure lana euskaraz egitea eta kooperatibek enpresa euskaldun moduan identifikatzea”, dio administrazioko teknikariak. Helburu hori lortzeko, ezinbestekotzat jo dute langileen artean euskararen erabilera normalizatzea, ohiturak aldatzea eta euskararen aldeko kultura sendoa sustatzea, lan ingurunea erabat euskalduntzeko bidean aurrera eginez.
Konfekoopetik argi dute euskara ez dela soilik komunikatzeko tresna praktiko bat, balio partekatuak adierazteko eta komunitatearekin lotura estua izateko bidea baizik. Horregatik, urratsak egiten jarraituko dute, eguneroko jardunean euskara txertatuz eta hizkuntza politika koherente baten aldeko apustua ekintzez erakutsiz.
Konfekoopetik argi dute euskara ez dela soilik komunikatzeko tresna praktiko bat, balio partekatuak adierazteko eta komunitatearekin lotura estua izateko bidea baizik
“Euskara bihotzean duen kooperatiba-mugimendu indartsu bat eraikitzen ari gara, eta Konfekoopetik etorkizun euskaldunago bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu”, amaitu du Martinez de Compañonek.