Mikel Larrea izango da Konfekoopeko zuzendari berria

Iñaki Nublak erretiroa hartuko du, bost urtez zuzendaritzan izan ondoren

Mikel Larrea Azpietia | Argazkia: Konfekoop
Mikel Larrea Azpietia | Argazkia: Konfekoop
2025eko irailaren 11a - 13:18

Mikel Larrea Azpeitia izango da Konfekoopeko zuzendari berria. EAEko kooperatiben elkarteko Iñaki Nubla Otaolaren lekukoa hartuko du Larreak 2026ko urtarrilaren 1ean, Nublak erretiroa hartuko duenean, hain zuzen. Kontseilu Errektoreak hartu du izendapenaren erabakia, kanpoko aholkularitza-enpresa espezializatu baten laguntza jaso ostean.

 

Nubla eta Larrea elkarlanean arituko dira hilabete batzuetan zehar, trantsizio “ordenatu eta eraginkorra” bermatze aldera. Aldi berean, maiatzean onartu zuten Konfekoop 2025-2028 Plan Estrategiko berria ere bien artean finkatuko dute.

Larreak kooperatibetan lan egin izan du, eta, hain zuzen, Eroskin garatu zuen bere ibilbide profesionala. Logistikaren arloan zein idazkari nagusi gisa lan egin izan zuen Eroskin; horregatik, “harreman estua “izan du, bai Konfekoopekin, baita EAEko zein Espainiako Estatuko gainerako kooperatiben mugimenduarekin.

 

Konfekoopek eskerrak eman dizkio Nublari egindako lana eta erakutsitako konpromisoagatik. Nubla EAEko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioko idazkari teknikoa izan zen 30 urtetan zehar, eta bost urte daramatza jada Konfekoopen zuzendaritzan.