EHZ: Kontzertuen bilduma baino gehiago izan nahi duen festibala

Duela astebete itzali ziren EHZ Euskal Herria Zuzenean festibaleko argiak. 12.000 lagun bildu ditu Euskal Herrian aintzidaria izan den festibal honen 26. edizioak. Antolatzaileek aldarrikatzen dutenez, "EHZ bidaia bat da, karta postal bat izan nahi ez duen, eta gasna eta biperra baino ainitzez gehiago izan nahi duen herrira "

Argazkia: EHZ Argazkia: EHZ

Ipar Euskal Herriko erreferentzia kultural nagusietako bat da EHZ festibala. Arrosako zolan (Nafarroa Beherea) egin zen lehen aldiz 1996an. Bertan zortzi urtez egon eta gero, Idauze-Mendiko Mendikotan (Zuberoa) pausatu zen festibala bost urtez. Ondoren, Heletan (Nafarroa Beherea) arnasberritu zen eta Lekornen (Lapurdi) egonkortu zen. 2018an festibala nomada bihurtu zen hiru egunez, hiru herritara zabalduz: Baigorri (Nafarroa Beherea), Baiona eta Itsasura (Lapurdi). 2019tik aurrera Irisarrin (Nafarroa Beherea) egin da. 

Aurtengo edizioaren bigarren egunean hartu du Julen Oillarburu EHZko antolakuntzako kideak EnpresaBIDEA, festibalaren antolakuntzaren kuartel nagusian. Bigarren eguna izanda nekea igartzen zaio Oillarbururi. Izan ere zifra ofizialetik harago, badago EHZren garrantzia eta filosofia argi islatzen duen datu bat: boluntario joandako 450 laguntzailek hartzen dute parte, eta 12.000 bisitari jasotzen du festibalak. Koordinazio lanak, hortaz, ezin du huts egin. Oillarburu ere hainbat urtez laguntzaile ibilitakoa da, eta 2019an beste urrats bat ematea erabaki zuen: antolakuntzan parte hartzen hastea. Gaur egun festibalaren komunikazio arduraduna da. Berea, baina, ez da kasu bakarra. Azken urteetan egindako hausnarketa prozesuak fruitak eman dituela uste du Oillarburuk : "Gazte berriak sartu dira, eta ardurak hartu dituzte. Geroz eta jende gehiagok EHZn sartu nahi du, eta hori poztekoa da".

Hastapenetatik sentsibilizaziorako bidea

Festibalak badu ibilbide oparoa, eta hainbat aldaketa izan baditu ere, hasierako filosofiari eusten dio. EHZ festibalaren sorrera Piztu elkarteari sor zaio. Bere kideek argi zuten musikak bazuela kultura, politika eta gizarte gaiez sensibilizatzeko gaitasun berezia. Ipar Euskal Herrian 1980tik geroztik rock kontzertuak euskal mugimenduaren publizitate eta diru iturri bilakatu ziren, eta horretan oinarritu zuten hiru eguneko festibala egiteko ideia. Era berean, antolatzaileek festibalari izaera propioa eman nahi izan zioten, ezberdin egingo zuen filosofia. Gazteentzako formakuntza eta arduratze lekua ere sortu nahi zuten. Euskal kultura eta euskararen defentsa, kultur aniztasunaren garrantzia, arrazakeriaren kontrako borroka, kulturen arteko bidegurutzea izateko nahia eta mundializazio neoliberalaren kontrako borroka bezalako zehar-lerroak izango zituen festibala sortu nahi izan zuten. Gaur egun filosofia horri eusten diote, eta berritu ere egiten dute. Oillarburuk esan bezala "belaunaldi bakoitzak festibala bereganatzen du, egungo problematikak ezberdinak direlako". Horretan datza, hein hadi batean, festibalaren berritasunerako joera.

Festibalaren eredu ekonomikoa autofinantzaketan oinarritzen da nagusiki eta "aurrekontuaren % 8 baino ez dator dirulaguntzetatik"

Julen Oillarbururen ustez hori da, hain zuzen, festibala ezberdin egiten duena. Bere eredu ekonomikoa autofinantzaketan oinarritzen da nagusiki eta "aurrekontuaren % 8 baino ez dator dirulaguntzetatik". Eredu propioa du EHZk eta hori igarri egiten da "marken logorik gabeko festibala" delako. Laguntzaileen parte hartzea ezinbestekoa da erakundeak langile bakarra baino ez duelako. Hasieratik datorren filosofia da hori. Laguntzaileak Ipar Euskal Herrikoak dira gehienbat, baina Hegoaldetik ere hainbat joaten dira.

Ekonomikoki une zailak izan ditu festibalak. 2020an ezin izan zuten ospatu koronabirusaren pandemiagatik. Hiru urte lehenago, 2017an, bertan behera utzi behar izan zuten ekaitz baten ondorioz Une gogorra izan zen, baina elkartasun mezu ugari jaso zituzten, eta festibala berrasmatzeko hausnarketa prozesua abiatu zuten. Oilarburuk nabarmentzen du belaunaldi berria sartu zela antolakuntza prozesu horren ondorioz, eta egun 18 eta 25 urte bitarteko gazteak ari direla antolakutzan batez ere. Festibalaren hastapenetan ikastolak eta herri mugimenduak baziren, oraingoan belaunaldi berri batek hartu du indarra eta egonkortze fasean dago. Aurreko urteko festibala bertan behera uzteak EHZ ekonomikoki ahul utzi zuen, baina dagoeneko "zerotan" dagoela dio Oillarburuk. Iaz festibala egin ahal izan zuten, neurriak neurri, eta aurtengo edizioari gogotsu ekin diote. Emaitza ezin hobea izan da: 12.000 bisitari.

Bertako ekomiaren aldeko hautua

Festibalak badu gizartea eraldatzeko asmoa, eta hori programazioan eta erabakietan argi ikusten da. Bertako produktuen aldeko aldarria egiten dute. "Lekuko mozkinak lehenesten" dituzte, eta horretarako, adibidez, Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin egiten dute lan. Irisarri bertako laborarien produktuak erabiltzen dituzte eta, izozkiak, esaterako, Arrosan egindakoak dira. Festibalak badu ingurugiroarekiko errespetuan jarduteko engaiamendu irmoa, eta Euskal Herrian eta Europan aitzindariak izan diren ekinbideak jarri ditu martxan: edalontzi berrerabilgarriak, produktu kimikorik gabeko komun idorrak, garraio kutsadura saihesteko tokiko ekoizpenak eta birziklapen neurriak.

EHZ festibalean esku-dirutan eta txartelen bidez ordaindu badaiteke ere, tokiko txaponen aldeko hautua egiten dute, euskoa erabiltzeko aukera emanez. Euskoa Europako lehen tokiko moneta da. 2013an abiatu zen Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten aldeko lana egiteko. Euskopay appa ere sortu dute eta festibalean erabili ahal izan da.

Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea izan nahi du festibalak

Programazioak festibalaren balioak jasotzen ditu: feminismoa, herrikoia izatea, euskalduntasuna... Aurtengo edizioan musikaz harago doazen kultur emanaldiak egin dituzte, eta Ospitalia eraikina horren lekuko izan da. EHZko antolakuntzak aldarrikatzen duen moduan "egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da festibala". Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen dute, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz, eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz. Horren adibidide aurtengo proposamenak izan dira: emakumeek laborantzan duten lekuaz gogoeta egiteko mahain ingurua egin dute. Pinar Selek turkiar herbesteratu soziologo, feminista eta antimilitaristak hitzaldia eman du, eta Joseba Sarrionandia idazle eta poetak emanaldia eman du, besteak beste.

Era berean, urtean zehar oinarri horiek zabaltzeko lana egiten dute, Ipar Euskal Herrian zehar zirkuitu txikia eginez ikastola eta lizeo ezberdinetara euskal kultura eramateko. Festibalari dagokionez, prestaketa lanak luzeak izaten dira. Festibala bukatu eta gero balorazio orokorra egiten da hurrengo urtean hobetu daitezkeenak identifikatzeko. Plangintza festibala hasi baino hilabete batzuk lehenago hasten da. Muntaketari dagokionez, aste eta erdi lehenago hasten dira lanean 70 lagun inguru. Desmuntatze lanek, berriz, bost egun irauten dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK