Kooperatiba den euskal teleoperadorea

Telefonia eta Interneteko Izarkom teleoperadoreak sareko konexioa giza eskubide bezala ulertzen du

Argazkia: Alejandro Juez Argazkia: Alejandro Juez

Telefonia mugikorreko eta Interneteko teleoperadoreez ari garenean, izen asko datozkigu burura. Euskal teleoperadoreez galdetzen dugunean ere, bat baino gehiago esan dezakegu. Bada euskal teleoperadore bat, hain ezaguna ez dena, baina hazten ari dena, eta sektore horretan ikusi ohi ditugun negozio ereduekiko alternatiboa dena: Izarkom

Izarkom 2017an jaio zen, nahiz eta proiektu bat sortzeko ideia urte batzuk lehenago hasi. 2013 eta 2014. urteetan, tokiko zenbait ekimen sortu ziren, garai hartan konexioa lortzen ez zuten leku urrunenetara Internet konektatzeko: baserrietara, mendietara... Azkenean, proiektuak ez ziren gauzatu, eta, beraz, hiritar talde batek erabaki zuen proiektu horren lekukoa hartu eta telekomunikazio-kooperatiba bat sortzea. Izarkom izan zen emaitza.

Iker Garaialde Izarkomen sortzaile eta zuzendaritzako koordinatzaileak azaldu duenez, lehen urteetan konpainia ez zen gai izan behar adina hazi eta ospetsu egiteko. 2020an hasi zen hedatzen proiektu hori, COVID-19ko osasun-krisian. Izarkom gai izan zen konfinamenduan zegoen arazo bat konpontzeko, non ikasleak ezin baitziren eskolara joan, eta eskolak telematikoki jarraitu behar baitzituzten. Arazoa zen ikasle horietako askok ez zutela kalitateko Interneteko konexio nahikorik. Beraz, Izarkomek Interneterako sarbidea duten 1.500 SIM txartel banatuz laguntzea erabaki zuen, konexioari kostu gehigarriak ordaindu beharrik gabe. Izarkomek ez zuen ezer irabazten. Hori oso lotuta dago Izarkomen filosofiarekin. “Guk Interneteko konexioa eskubide gisa ikusten dugu, eta ez negozio gisa”, adierazi du Garaialdek.

Konpainia txiki baten erronkak

Izarkom bezalako telekomunikazio-konpainia txiki baten erronka handienetako bat beste konpainia batzuen azpiegiturarekiko menpekotasuna da, zerbitzu ona eman ahal izateko. Gaur egun, Izarkomek beste konpainia batzuetako zuntz optikozko kableak erabiltzen ditu, baina, kooperatibaren arabera, sare propioa sortzen ari dira independenteak izateko eta hirugarrenen menpe ez egoteko. Aireko seinalearen kasuan, hau da, 4G eta 5G sareen kasuan, Izarkomek Yoigo, Orange eta Telefónicaren antenak erabiltzen ditu, Euskal Herriko edozein lekutan bere bazkideei estaldura zabala emanez.

Izarkomek beste konpainia batzuetako zuntz optikozko kableak erabiltzen ditu, baina, kooperatibaren arabera, sare propioa sortzen ari dira independenteak izateko eta hirugarrenen menpe ez egoteko

Izarkomek topatu duen beste arazo bat, Euskal Herriak bi estatutan duen banaketa politikoa da: frantsesa eta espainiarra. Bere erabiltzaile gehienak hegoaldekoak dira, 0034 aurrezenbakia dutenak, Espainiako telefono-zenbakiekin lan egiten baitute, baina badira Izarkomen erabiltzaileak ere Iparraldean, mugan batez ere. Izarkomeko zuzendaritzako koordinatzaileak espero du etorkizun hurbilean Europa mailako kooperatiba bihurtzea, Euskal Herriko bi aldeak banatzen dituzten muga politikoak gainditzeko.

Kide izatea beharrezko

Alta emateko modua oso bestelakoa da telefoniako beste operadore batzuen formatuarekin erkatuz gero. Izan ere, Izarkom erabiltzeko beharrezkoa da kooperatibako kide izatea. Kide egiteko, nahikoa da 50 euro ordaintzea. Ondoren, aukeratutako tarifa ordaintzen da. Une jakin batean, erabiltzaile batek konpainiaz aldatu eta Izarkomen baja ematea erabakitzen badu, bere garaian ordaindu zituen 50 euroak bueltan jasotzeko aukera izango du.

Izarkomeko zuzendaritzako koordinatzaileak espero du etorkizun hurbilean Europa mailako kooperatiba bihurtzea, Euskal Herriko bi aldeak banatzen dituzten muga politikoak gainditzeko

Gaur egun, Izarkomek 2.500 bazkide baino gehiago ditu, 4.000 telefono-linea mugikor eta 1.500 zuntz optikoko linea Euskal Herri osoan. Garaialderen hitzetan, profil askotako erabiltzaileak dituzte: telefono-linea arazorik gabe izan nahi duten adineko pertsonak, bideo-jokoen streaminga egiteko Interneteko abiadura handia behar duten gazteak... Izarkom helburu batekin jaio zen, eta horixe lortu nahi dute koordinatzailearen arabera arabera: “herritarrei zerbitzua ematen eta negoziorik egiten ez duen telekomunikazio-zerbitzu bat behar dugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK