Kooperatiben sorrerak % 66 egin zuen gora iaz

Elkar-lan kooperatibak sustatzeko elkarteak 149 kooperatiba sortzen lagundu zuen 2021ean. Zerbitzuen sektorean eratzen dira kooperatiba gehien, aholkularitza alorrean batez ere

 Iñaki Nubla Elkar-laneko presidentea eta Javier Sanz zuzendaria, gaur goizeko emaitzen aurkezpenean | Argazkia: Elkar-lan
Iñaki Nubla Elkar-laneko presidentea eta Javier Sanz zuzendaria, gaur goizeko emaitzen aurkezpenean | Argazkia: Elkar-lan
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa
2022ko maiatzaren 6a - 13:47
Eg. 2022ko maiatzaren 6a - 13:47

Elkar-lan Kooperatibak Sustatzeko Elkarteak gaur goizean aurkeztu ditu elkartearen 2021eko emaitza nagusiak. Horren arabera, iaz Elkar-lanek 149 kooperatiba sortzen lagundu zuen, aurreko urtean baino % 66 gehiago. Bilbon (Bizkaia) egindako agerraldian, Iñaki Nubla Otaola Elkar-laneko lehendakariak adierazi du kooperatiba berriek 379 lanpostu sortu zituztela, eta Nublak adierazi duenez, litekeena da kooperatibek langile gehiago kontratatzea lanean hasi ahala. 

 

Sortutako kooperatiba gehienak (137) lan elkartukoak dira, zortzi etxebizitzakoak, bi irakaskutzakoak, bat nekazaritza eta elikagaiena, beste bat kontsumokoa eta hirugarren bat garraiolariena. Bizkaia izan da kooperatiba gehien sortu duen lurralde, guztien % 54. Jarduera-sektoreari dagokionez, gehienak (54) zerbitzu-sektorekoak izan dira, aholkularitza alorrekoak nagusiki. Eraikuntza sektorea ere nabarmen hazi da, eta 25 kooperatiba berri sortu dira.

Enpresa Ekimen Kooperatiboen Behatokia

Urteko laburpenaren berri emateaz gain, Javier Sanz Elkar-laneko zuzendariak Enpresa Ekimen Kooperatiben Behatokia aurkeztu du, kooperatibak sortu dituzten ekintzaileen ezaugarriak biltzen dituena. Behatokiak ekintzaileek kooperatiba sortzeko orduan dituzten zailtasun nagusiak azaltzen ditu. Finantza alorrekoak dira oztopo nagusiak. Dirulaguntzak berandu iristeari eta bankuekin duten negoziaio-ahalmen eskasari lotutakoak dira kezka gehienak. Ekintzaileek kooperatibismoaren inguruko ezagutza falta ere nabarmendu du Sanzek, eta horri aurre egiteko hezkuntza alorreko neurriak eskatu ditu.

 

2021ean kooperatiba sortzea erabaki dutenak nagusiki gizonezkoak dira (% 60) eta ikasketa maila altua dute (% 86). Adinari dagokionez 35 eta 44 urte bitartekoak dira batez ere (% 40). 

Elkar-lan sortu zenetik (2002ko abenduan) guztira 1.830 kooperatiba sortzen lagundu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Eratutako kooperatiben arrakasta handia izan da hilkortasuna % 9,72koa besterik ez delako. Enpresa-ekimen gehienak zerbitzu-sektorekoak dira, eta industriari eta nekazaritzari lotutakoak, aldiz, oso urriak. Elkar-lanen hitzetan industriaren alorrak inbertsio handiagoak eskatzen ditu, eta hori izan daiteke kooperatiba gutxi sortzearen arrazoaietako bat. Kooperatiben batez besteko inbertsioa 7.000 eurokoa izan da sortzeko unean, eta % 32k kanpo finantzaketa behar izan du. Tamainuari dagokionez kooperatiben % 71 hiru langile baino gutxiagok sortu dute.

Gizartearen joeren aldaketak eta eredu berrien aldeko transizioen isla ikus daiteke kooperatiben sorreran. Digitalizazioa eta zaintza alorren aldeko hautua igartzen hasi da, eta etorkizunean aldaketa nabariagoa izatea espero dute Elkar-lanetik. Forma juridiko gisa kooperatiba hartzearen arrazoi nagusia, ordea, filosofia bera da. Ekintzaileen % 38k hala adierazi dute, eta % 31ak, berriz, abantailak eta laguntzak nabarmendu ditu.

2021eko datuak onak izan dira Elkar-lanen iritziz kooperatiben sorrerari dagokionez, 2016ko datuetara bueltatuz. Elkar-lanetik adierazi dutenez kooperatibak zikloen kontra doaz: krisi garaietan sortzen dira gehien, auto-enplegurako alternatiba egoki bezala. Ekonomia suspertzen denean, aldiz, jendeak hirguarrenentzat lan egitea hobesten du.