
Bruselan izan dira Konfekoopeko eta Kooperatiben Kontseiluko zenbait ordezkari, Europako egoera aztertuta EAEko kooperatiben interesen gainean eztabaidatzen. Rosa Lavin Koonfekoopeko presidentea eta Patxi Olabarria kontseiluko presidentea joan dira bileretara, non Oihane Agirregoitia (EAJ), Pernando Barrena (EH Bildu) eta Idoia Mendia (PSE-EE) eurodiputatuekin elkartu diren.
Bilera “estrategiko” horien bitartez “euskal kooperatibismoak Europako agendan duen posizioa” indartu nahi izan dute, “erreferentziazko eragile” gisa sendotzeko eta euskal kooperatibismoaren interesak defendatzeko, bai lehiakortasunari, bai fiskalitateari, baita berrindustrializazioaren eraginari dagokionez. Gauzak horrela, eurodiputatuekin hainbat gai jorratu dituzte kooperatibistek, besteak beste, Europako industria-estrategia, Itun Berdea eta kooperatiben fiskalitatea.
Bilera horiez gain, Lavinek eta Olabarriak bi ekitalditan hartu dute parte: Cooperatibe Leadership Forum eta Fostering Europe 's Prosperity and Industrial Transformation: Cooperatives as Drivers of Change. Lehenengoan 2030erako eredu kooperatiboaren etorkizuna landu zen, eta bigarrenean kooperatibek duten zereginari buruz eztabaidatu zen, bai eraldaketa industrialean, bai jasangarritasunean.
Bi topaketa horietan nabarmendu dute kooperatibismoak aktiboki jokatu behar duela Europaren berrindustrializazioan; gaineratu dute ekonomia iraunkorragoa eta sozialki bidezkoagoa izateko lagungarriak direla kooperatibak, eta azpimarratu dute beharrezkoa dela enpresa eredu horientzako “zerga-esparru egokia bermatzea”. Bestalde, trantsizio energetikoa, digitalizazioa eta berrikuntza ere izan dituzte hizpide.