• ENPRESAK GAUR
  • Kultura Hub, sortzaileak eta kultur zentroak elkartzeko

Kultura Hub, sortzaileak eta kultur zentroak elkartzeko

Europako kultura zentroen artean ikus-entzunezko edukiak partekatzea izango du helburu Kultura Hub start-up berriak. Martin Taubenberger kultura arloko aholkularia eta Aitor Echeverria zine ekoizlearen proiektua da. Zinemaldiko Startup Challenge lehiaketan parte hartu dute egunotan

Aitor Echeverria Insausti zine ekoizlea eta Martina Taubenberger kultur kudeatzailea, Kultura Huben sortzaileak | Argazkia: utzitakoa
Aitor Echeverria Insausti zine ekoizlea eta Martina Taubenberger kultur kudeatzailea, Kultura Huben sortzaileak | Argazkia: utzitakoa
2025eko irailaren 27a - 05:30

Donostiako Zinemaldian filmez eta izarrez gain, ekintzailetzari tartea egin zaio. Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa irailaren 25ean gauzatu zen. Lehiaketaren bitartez ikus-entzunezko sektoreari aplikatutako teknologia berritzailearen arloan enpresa-proiektu berriak sustatzeko apustua egiten da, eta bertan izan da Kultura Hub start-up euskalduna. Ekimen horren atzean, Martina Taubenberger kultur kudeatzailea eta Aitor Echeverria Insausti zine ekoizlea daude. Bien artean Kultura Hub aurrera eramateko arrazoi asko dituzte, baina Echeverriak argi du ikus-entzunezko kultura erlazionatzeko nazioarteko liburutegi bat sortu nahi dutela. Echeverriarekin egon da EnpresaBIDEA Zinemaldian, proiektuaren inguruan hitz egiteko.

 

Kultura Hub proiektua hasierako fase batean dago, eta Donostiako Zinemaldian egotea aukera oso berezia da beraientzat. Proiektua Municheko (Alemania) Out of the Box jaialdian sortu zen. Taubenberger bertako komisarioa da eta Echeverriak jaialdi horretarako bideo artelanak errodatu eta aurkeztu ditu bertan. Municheko jaialdiaren oinarria musika da, eta bertan Echeverriak Argia Films ekoiztetxearen bitartez lan horiek ere grabatu ditu. Jaialdi horietan kontzertu oso bereziak gauzatzen dira, eta Echeverriarentzat ezinbestekoa da irudiaren kalitatea zaintzea kontzertuak grabatzen dituen bitartean. Bertan konturatu ziren, lan horiek aurkezterakoan eta jaialdia amaitzerakoan inork gehiago ez zituela ikusten. Lan horien %70a Bavariako eskualdean geratzen zirela ohartu ziren. Bada, lan horiek munduan zehar hedatzea nahi dute. Arazo horren aurrean, Kultura Hub sortu dute eta Europako hainbat kultur zentrorekin harremanetan jarri dira. “Lisboan egiten dena Norvegian ikusteko aukera izatea nahiko genuke eta alderantziz”, adierazi du Echevarriak. Artistak eta kultur zentroak elkartzeko plataforma izateko helburua du start-upak.

Donostiako Zinemaldiko Startup Challenge lehiaketa ikusi zutenean, azkar batean eman zuten izena. Hasi berria dagoen proiektu honentzako aukera oso ona dela azaldu du Echeverriak. Kultura Hubentzat lehen pausoa izan da eta hemendik aurrera proiektua aurkezterakoan Zinemaldian izan direla esan dezakete. “Europar Batasunean aurkeztu nahi dugu ekimena, eta aurretik Donostiako Zinemaldian egon garela esatea aurrera pauso handi bat izango da. Prestigioa emango digu”.

 

Aitor Echeverria: “Europar Batasunean aurkeztu nahi dugu ekimen hau eta aurretik Donostiako Zinemaldian egon garela esatea aurrera pauso handi bat izango da. Prestigioa emango digu”

Orain webgunea sortzen ari dira eta lan asko dute aurretik, baina proiektuaren etorkizunaren inguruan galdetu diogunean Echeverriak zera erantzun digu: “Mundu osoan zehar egiten dena ezagutu nahi dut”. Proiektua Europa mailan sortu da, baina mundu mailako proiekzioa lortu nahi dute. Momentuz, Europako kultur etxe batzuekin jarri dira kontaktuan eta Europako erdigunetik interes asko dagoela adierazi du Echevarriak. Espainiako Estatuan Madrilgo La Casa Encendida "oso interesatua" dago proiektu honetan eta Tabakalerarekin lan egiteko aukera nahi izango lukete.

Taubenberger, Out the box jaialdiaz gain, hainbat ikuskizunen arduraduna da Alemanian. “Piano bat eskegitzen du airean eta piano-jotzaile bat bertan dago musika jotzen. Martinarekin horrelako lanak grabatu ditut, eta ia gehienak Baviera inguruan geratu dira”, esan du Echeverriak. Bientzat oso garrantzitsua da prozesua azaltzea, ikus-entzunezko lan baten atzean teknika bereziak daudelako eta ikusterakoan ez dira bereizten. Kultura Huben bitartez, prozesua azaltzeko aukera izan nahiko lukete, modu horretan lana elkarbanatzeaz gain, ezagutza partekatzeko aukera sor baitaiteke. Kultura Hub ikus-entzunezkoen liburutegi bat baino askoz gehiago izatea nahiko lukete, eta horregatik prozesuak azaltzea ezinbestekoa iruditzen zaie. “Niri zinema gustatzen zait, baina batez ere kultura da gustatzen zaidana; horregatik eraman nahi dugu aurrera proiektua”, dio Argia Filmeseko ekoizleak.

1758276087958 fe10fc53 bfb9 4974 bceb 4e7b4b586c15 1
Kultura Huben logoa | Argazkia: utzitakoa

Argia Films ekoiztetxetik Sobre las olas filma aurkeztu dute Mexikon orain gutxi. Film horrek zerbait berezia duela adierazi digu Echeverriak. Itsasoak garrantzia handia du istorioan zehar eta itsasoaren soinuak emakume batzuen ahotsen bitartez egin dira. Echeverriarentzat ezinbestekoa da horrelako prozesuak erakustea. Filmaren proiekzio baten ostean, ahotsa jartzen duten emakumeak agertu ziren eta filmetik kanpo doinuak errepikatzeko aukera izan zuten.

Duela hilabete batzuk, Calandako (Espainia) Zinema jaialdian egon zen Echeverria eta bertan oso interesgarria egin zitzaion bideo bat ikusi zuen. “Herriko haurrek film bat garatu zuten eta bideoan filma nola sortu zuten erakusten zen. Bisualki kalitate oso handia zuen lan horrek, eta niri asko interesatzen zait horrelako lanak kultur etxeetan egoteko aukera izatea”.

Artistak eta kultur zentroak elkartzeko Kultura Hub plataformaren bidea duela gutxi hasi da. Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren bidez aurrera eramateko salto garrantzitsu bat izango da euren ustez. Lehiaketan Europa mailako proiektuak aurkeztu dira, besteak beste Suedia, Erresuma Batua, Alemaniako eta Espainiako proiektuak aurki daitezke. Erresuma Batuko AnthroTek Ltd enpresak Europako proiekturik onenaren saria jaso du, eta Quickets Technologies enpresak Espainiako proiekturik onenaren saria. Azken horrek, ekintzailetzaren aipamen saria ere jaso du. Quickets enpresak plataforma bat garatu du zinema-aretoen okupazioa optimizatzeko helburu duena eta iOSentzat eta Androidentzat eskuragarri dagoena. Erresuma Batuko AnthroTekek AA eta 3D teknologia uztartu du suteen aurkako maskara bereziak sortzeko. Horri esker, suz egindako akrobazia seguru eta errealistak egin daitezke filmetan eta besteak beste 28 Years Later filman erabili da teknologia hori.