Kulturatik kulturarentzat

Zelako Kultur Ideiak kooperatiba ez da kultur proiektuak ekoizteko egitura profesional hutsa. Kultura beste modu batera lantzeko eta antolatzeko apustua ere bada

Zelakoko Itxaso Paya, Gorka Chamorro eta Maria Rivero | Argazkia: utzitakoa
Zelakoko Itxaso Paya, Gorka Chamorro eta Maria Rivero | Argazkia: utzitakoa
2026ko azaroaren 16a - 05:30

Euskaratik eta euskaraz, berdintasunetik eta kulturaren alde lan egiteko sortu zuten Zelako Kultur Ideiak 2022an. Itxaso Paya, Gorka Chamorro eta Maria Rivero dira kooperatiba txiki horren fundatzaileak. Sorkuntza, artisten kudeaketa eta kultur ekoizpena uztartzen dituzte, eta Enkarterrin euskarazko kultur jarduera indartzeko DANA Sormen Gunea jarri dute martxan. Itxaso Payaren hitzetan, “kultura sorkuntzarako, lanerako, hausnarketarako eta gizartean eragiteko tresna dela sinesten dugu”. Hasieratik argi izan zuten proiektuaren nortasuna: euskaratik eta euskaraz, berdintasunetik eta berdintasunean, kulturaren alde eta kulturarentzat lan egingo zuen egitura profesional bat eraikitzea.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Sorkuntzatik kudeaketara

Gaur egun, Zelakoren jarduera lau ardatz nagusitan banatzen da: artisten sorkuntza eta ekoizpen propioak, enkarguzko kultur proiektuak eta zerbitzu profesionalak. Sortzaileen ibilbideak garatzen laguntzen dute, kontratazioa, programazioa, banaketa, ekoizpena eta komunikazioa landuz. Aldi berean, antzerkian, musikan eta ikus-entzunezkoetan beren proiektuak sortu eta garatzen dituzte, eta erakunde zein elkarteentzako kultur programazioak, jaialdiak eta ikuskizunak antolatu.

Ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren arloan ere eskaintza zabala dute: bideo-grabaketak, argazkilaritza, edizioa, postprodukzioa, zuzeneko emankizunak eta webguneen garapena, besteak beste. Artisten kudeaketan ez dute administrazio-kudeaketa hutsa eskaintzen. Sortzaile bakoitzaren beharretara egokitzen dira, eta haren garapen artistikoan, estrategian eta etorkizuneko aukeretan bidelagun izaten saiatzen dira. “Ez dugu artista guztiek bide bera egitea nahi; bakoitzak bere bidea garatzeko behar dituen tresnak eskaintzea da gure asmoa”, dio Payak.

Ixaso Paya: “Ez dugu artista guztiek bide bera egitea nahi; bakoitzak bere bidea garatzeko behar dituen tresnak eskaintzea da gure asmoa”

Hiru bazkideen profil desberdinek aberasten dute lan egiteko modu hori. Riveroren ibilbidea musikarekin, sorkuntza artistikoarekin eta zuzendaritzarekin lotuta dago; Chamorrorena ikus-entzunezkoekin, baliabide teknikoekin eta ekoizpenarekin; eta Payarena arte eszenikoekin, bertsolaritzarekin, gidoigintzarekin eta kultur proiektuen garapenarekin. Hala ere, ez dute lana hiru atal itxitan banatzen. Proiektu askotan hirurek hartzen dute parte. “Kooperatibismoa guretzat ez da forma juridiko hutsa; lan egiteko modua ere bada”, azpimarratu du Payak.

 

Prekaritatea, eguneroko errealitatea

“Prekaritatea kulturgintzaren arazo estrukturaletako bat da, eta gure egunerokoan ere badu eragina. Proiektuen araberako lan-erritmoak, finantzaketaren ziurgabetasunak, kontratazio-epe laburrek eta administrazio-lanen zamak zaildu egiten dute egonkortasuna lortzea”, nabarmendu du. Kultur jarduera baten atzean jendaurrean ikusten ez den lan handia dago: sorkuntza, entseguak, koordinazioa, aurrekontuak, komunikazioa, kudeaketa eta beste hainbat zeregin. “Lan hori guztia ez da beti behar bezala aitortzen edo ordaintzen”.

Itxaso Paya: “Kooperatibismoa guretzat ez da forma juridiko hutsa; lan egiteko modua ere bada”

Kooperatiba sortzea egoera horri aurre egiteko modu bat ere izan zen: lana egituratu, baliabideak partekatu, jarduera dibertsifikatu eta egonkortasun handiagoa bilatu. Hala ere, egitura kooperatiboak ez ditu sektorearen arazoak berez konpontzen. Dirulaguntzen egutegiek, kontratazio-ereduek eta finantzaketaren ziurgabetasunak eragin zuzena dute lanaren antolaketan. Sarritan, proiektu konplexuak oso epe laburretan prestatu behar izaten dira, eta finantzaketa noiz iritsiko den jakin gabe hartu behar izaten dira erabakiak. Horrek guztiak zaildu egiten du epe luzerako plangintza egitea eta lan-baldintza egonkorrak eskaintzea.

Payak argi du kulturaren balio soziala aitortzea ez dela nahikoa: aitortza hori lan-baldintzetan ere islatu behar da. “Kultura ezin da etengabe bokazioaren eta borondate onaren bizkar sostengatu. Kulturaren profesionalizazioaz hitz egiten badugu, profesionaltasun hori ahalbidetuko duten baldintzez ere hitz egin behar dugu”.

Euskararen erabilera hutsaz gaindi

Euskara sorkuntzarako eta lanerako hizkuntza dute Zelakokoek. Alta bada, haren aldeko lana ez dute hizkuntza erabiltze hutsera mugatzen: euskarazko sorkuntzari baliabideak eskaintzea, profesionalen arteko harremanak euskaraz garatzea eta herritarrei euskaraz gozatzeko eta parte hartzeko aukerak zabaltzea ere bada.

Euskarazko kulturgintzak baditu zailtasunak, batez ere merkatuaren tamainari, baliabideei eta hedapenerako aukerei dagokienez. Hala ere, hizkuntza horretan lan egitea ez dute muga gisa ikusten, proiektuaren abiapuntu gisa baizik. Horren erakusgarri da Berlinen antolatu berri duten BEIDE Kultura Jaialdia. Ekimen horren bidez, euskarazko sorkuntza beste hizkuntza eta kultura batzuekin elkarrizketan jarri dute, Euskal Herritik kanpoko lankidetza-bideak ere urratuz.

Euskaraz lan egitea ez dute muga gisa ikusten, proiektuaren abiapuntu gisa baizik. Horren erakusgarri da Berlinen antolatu berri duten BEIDE Kultura Jaialdia

Beste alde batetik, genero-berdintasunaren ikuspegia edukietan zein lan egiteko moduan txertatzen saiatzen dira: nork hartzen duen hitza, zer istorio kontatzen diren eta lantaldeak nola antolatzen diren. Komunitatearekiko lotura ere funtsezkoa da. Haien ustez, kulturak herritarren parte-hartzea, belaunaldien arteko harremanak eta memoria kolektiboa lantzeko aukera eskaintzen du. Horregatik, proiektu baten arrakasta ez dute ikusle kopuruaren edo emaitza ekonomikoaren arabera bakarrik neurtzen; sortzen dituen harremanek eta inguruan izan dezakeen eraginak ere badute garrantzia.

Enkarterriko kultur ekosistemari ekarpena

Ikuspegi horren isla da Bizkaiko Alonsotegin kokatutako DANA Sormen Gunea. Sorkuntza, ekoizpen eta topaketarako espazio gisa sortu dute, baina baita Enkarterriko kultur ekosistemari ekarpena egiteko ere. Eskualdean euskarazko sorkuntzarako eta jarduera profesionalerako espazioen gabezia sumatu zuten, eta horri erantzuteko erabaki zuten gunea martxan jartzea.

Itxaso Paya: “Kultur jarduera ez da hirigune handietan bakarrik garatu behar"

DANA horretan entseguak, grabaketak, bilerak eta sormen-prozesuak garatzen dituzte. Hala ere, ez dute beren jarduerara mugatutako azpiegitura izatea nahi. Beste sortzaile eta kultur eragile batzuekin elkarlanean aritzeko, diziplinak gurutzatzeko eta proiektu berriak sustatzeko topagunea izatea nahi dute. “Kultur jarduera ez da hirigune handietan bakarrik garatu behar, eta euskaraz sortzeko, lan egiteko eta kulturaz gozatzeko aukerak lurralde osoan zabaldu behar direla uste dugu”, azaldu du Payak.

Aniztasuna etorkizunaren oinarri

Zelakoren etorkizuneko jardunak gaur egungo aniztasunari eutsi nahi dio. Musikaren eta ikus-entzunezkoen esparruan, Elektra Bizia da proiektu nagusietako bat. Natura-fenomenoetatik abiatuta, literatura, musika elektronikoa, hari-seikotea eta hainbat ahots elkartu dituzte zortzi kantako disko batean. Bideoklipak eta dokumental bat ekoizten ari dira egun. Arte eszenikoetan, Izeba Txirrita antzezlanak memoria historikoa eta transmisioa lantzen ditu; Euskaldun perfektuaren bila ikuskizunak, berriz, euskal identitatearen inguruko hausnarketa umoreak eskaini dezakeen kaleidoskopiotik jorratzen du. Berlinen antolatutako BEIDE Kultura Jaialdiak nazioarteko lankidetzarako bide berriak ireki dizkie.

Finean, Zelako Kultur Ideiak kooperatiba ez da kultur proiektuak ekoizteko egitura profesional hutsa. Kultura beste modu batera lantzeko eta antolatzeko apustua ere bada: euskaraz sortzeko aukerak zabaltzea, sortzaileen lana duintzea eta komunitateari kulturaz parte hartzeko bide berriak eskaintzea. Ez dira erronka errazak, alta, ahalegina eta gauzak argi izatea ez zaizkie falta kooperatibako hiru kideei.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain