
EAEko BPGd-aren %11,5 sortu zuten Kutxabank Taldearen jarduerak eta bere fundazio akziodunenak (BBK, Kutxa eta Vital), hots, 10.000 milioi euroko zifra gainditu zuten lehen aldiz; zehazki, 10.133 milioi euro. 2023ko zifra baino %17 handiagoa da zenbatekoa.
10.133 milioi euro horietatik 1.102 milioi (EAEko BPGd-aren %1,2) jarduera korporatiboaren ekarpena izan zen, eta, gainerako 9.031 milioi euroak, aldiz, kreditu-jarduerarena (BPGd-aren %10,3).
Horrez gain, taldeak eskainitako datuen arabera 3.100 enplegu zuzen ditu Kutxabankek EAEn, baina, kreditu-jarduerak eta balio-kateak sortutako langileak gehituta, orotara 127.200 profesional baino gehiago dira. Bestalde, 2024ko talde zergadun handienetakoa izan zen Kutxabank, zerga-ordainketaren %4,6ko ekarpena egin baitzuen BPGd-ari dagokionez; hala, 340 milioi euro ordaindu zituen taldeak zuzenki tasetan eta zergetan. Orotara 553,7 milioi euroko emaitza garbia lortu zuen finantza-taldeak 2024an, eta 225 milioi eurokoak izan ziren 5.530 hornitzaileri egindako erosketak.
Espainiako Estatuari dagokionez, Kutxabankek eta bere fundazio akziodunek BPGd-aren %2,5eko ekarpena egin zuten, 37.128 milioi eurorekin. 5.740 enplegatu zuzen ditu Espainiako Estatu mailan, baina guztira 548.733 langile biltzen ditu, kreditu-jarduerak eta balio-kateak sortutakoak kontuan izanik; hau da, Espainiako 100 enplegutatik 2,6 biltzen ditu, batez beste.
Aldi berean, Espainiako Estatuan 646 milioi euroko zerga-bilketa eragin zuen, eta 13.770 enpresek eman zizkieten zerbitzuak finantza-taldeari eta bere fundazio akziodunei, 624 milioi euroko balioarekin.