
Aurreko urteko epe beraren aldean, %24 igo du emaitza garbia Kutxabankek lehen hiruhilekoan, 148,9 milioi euroraino. Jarduera nagusitik lortutako diru-sarrerak, aldiz, %6,1 gutxiago izan dira, 473,9 milioi eurokoak, interes-marjina erori delako. Bestalde, zerbitzuengatiko eta aseguruengatiko diru-sarrerak %3,1 hazi dira, “balantzetik kanpoko baliabideek bultzatuta”: inbertsio-funtsak, zorro delegatuak eta aurreikuspen-produktuak. Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, taldeak bereziki igo du partikularrei zein familiei etxebizitzak erosteko emandako kreditu kopurua, %35,5ean. “Apustu estrategikoa” izan da horren arrazoi nagusia, baita kontsumorako maileguak %13,6 handitzea ere.
Taldeak azaldu du bere diru-sarreren %67 (330,8 milioi euro) “gizartera itzuli dela” soldatetan, hornitzaileei egindako erosketetan, zergen ordainketan eta dibidendu sozialean. Emaitza garbiaren %60 (89 milioi euro) fundazioko akziodunei banatu zaie, “gizarte-balioa sortzeko”.
Digitalizazioa prozesuak ere areagotu egin dira: kanal digitalen bidez kudeatzen dira hipoteken %91, kontsumorako kredituen %83 eta aurreikuspen-produktuen %72. Gainera, taldeko bezeroen %66,3k erabiltzen du banka digitala. “Banka jasangarriarekiko konpromisoan” ere aurrera egin nahi izan du Kutxabankek, finantzaketa %12,8 handituta.