Kutxanbanekek emaitza onak lortu ditu lehen hiru hilabeteetan Ukrainako gerrak eta inflazio altuak balditzatutako ingurunean. Bankuaren merkataritza-jarduerak 2022. urtearen hasierarako ezarritako helburuak lortu ditu, hein handi batean ‘core’ negozioaren sendotasunari esker eta, besteak beste, interesen marjinak uste baino hazkunde handiagoa izan duelako. Zerbitzuek, inbertsio funtsen negozioak eta aseguruek banku-negozio osoaren % 53 osatzen dute, ohiko banku negozioak baino gehiago.
Merkatuetan gorabehera handiak eta hipoteka-maileguen alorrean lehia bizia izanda ere, Kutxabankek bere merkatu-kuotak sendotzea lortu du inbertsio-funtsen hazkundeari eta hipoteka-kredituak, mailegu pertsonalak eta aseguruak bezalako oinarrizko banku produktuen kontratazioari esker.
Kutxabankek eraginkortasuna hobeto du eta kostuak murriztu ditu. Maileguen eta higiezinen gaineko hornidura maila zorrotzari eutsi dio bankuak atal honetara 56 milioi euro bideratu dira, 2021eko lehen hiruhilekoan egin ziren zuzkidurak gaindituz.
Kutxabankek administratutako bezeroen baliabideak 73.100 milioi eurora iritsi dira 2022ko lehen hiruhilekoaren amaieran, iaz baino % 5,2 gehiago. Inbertsio funtsen arloan emaitza onak lortu ditu Kutxabankek, harpidetza garbi gehien izan dituen hirugarren erakunde izaten jarraitzen baitu. Izan ere, merkatuan sartu diren harpidetza garbi guztien % 23 bildu du. Kutxabank Taldeak 21.000 milioi euro baino gehiago ditu gaur egun inbertsio-funtsetan kudeatuta, merkatu kuota % 6,75eraino handituz.
Kutxabankek oso hiruhileko ona izan du enpresetarako negozioan aktibo finkoaren fakturazioaren kasuan markak hautsi baitituzte hazkundeek, iazkoa bikoiztuz. Kutxabankek enpresa bezeroen finantzaketa-beharrei erantzun die, guztira 1.606 milioi eurorekin, iaz baino % 21,6 gehiago. Bestalde, aktibo zirkulatzailea finantzatzeko eragiketak, enpresa-negozioaren bilakaerarekin zuzenean lotutakoak, % 28 hazi dira, % 29 deskontu komertziala, eta % 20 kanpo-merkataritzako eragiketen fakturazioa.
Kutxabank Taldeak zalantzazko aktiboen saldoa murrizten jarraitu du, berankortasun ratioa % 1,8tik behera jaitsiz, Kutxabanken historiako indizerik txikiena. Hobekuntza horrek oinarrizko 40 puntuko jaitsiera esan nahi du 12 hilabetean, eta datu hori oso ona da sektoreko batez bestekoarekin alderatzen badugu, % 4,3koa izan baitzen otsailean.
Emaitzen kontuaren bilakaera positiboa izan da. Banku negozioaren 'core' sarrerek % 7,3ko hazkunde sendoa izan dute, 296,3 milioi euro, batez ere zerbitzuen eta aseguru-jardueraren sarrerek bultzatuta. Interesen Marjinak ere apur bat haztea lortu du, aurreikuspenen gainetik, 138,2 milioi eurotan kokatu baita, iaz garai berean baino % 0,8 gehiago.
Zergak kontuan hartuta, Taldearen irabazi bateratua 75,1 milioi eurora iritsi da, iaz baino % 21,6 gehiago. Testuinguru konplikatu honetan bankuaren kaudimenak ohikoa bezain sendo jarraitzen du. Honela, %17,5eko CET1 phase-in ratioa du.