Kutxabankeko langileak grebara deitu dituzte sindikatuek ostiral honetarako

Azken hamarkadetan egon den 24 orduko lehen lanuztea iragarri dute sindikatu guztiek, 293 bulego itxita eta 1.448 langile gutxiagorekin “muturreko egoeran” daudela salatzeko

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Kutxabanken ordezkaritza duten sindikatu guztiek, ELAk, CCOOk, Pixkanakak, ALEk, LABek, eta Asprobankek, grebara deitu dituzte langileak ostiral honetarako, otsailaren 24rako. Langileek pairatzen duten “egoera larria” salatu dute, gero eta langile gutxiago daudelako, presio komertziala nabarmen handitu delako, eta "talentu handiko langile askok" alde egin dutelako baldintza ekonomikoak okertu izanagatik.

Sindikatuek jakinarazitako datuen arabera, 2014 eta 2022 artean 293 bulego itxi dituzte eta 1.448 pertsona gutxiago daude lanean. “Langileak itota daude, kontrataziorako presioa handitu delako eta, urtez urte, helburu komertzialak esponentzialki handitu direlako”, jakinarazi dute. Izan ere, egun Kutxabankek bere garaian BBKk zituena baino langile gutxiago ditu.

Horretaz gain, sindikatuak kexu dira Kutxabank talentu handiko langileak galtzen ari delako: “Lan baldintzak gero eta kaskarragoak direnez, gazteek Kutxabanketik alde egiten dute. Horri beste batzuen talentua erakartzeko arazoa gehitu behar zaio. Baldintza ekonomikoak okertu direnez eta sustapen profesionalerako zailtasunak daudenez, gero eta jende gutxiagok egin nahi du lan Kutxabanken”. Hala, negoziaziorako deia luzatu dute, batez ere langile gazteei aukerak hobetzeko.

Era berean, Kutxabankek ostiralean jakinarazi zuen langileei %3,75eko soldata-osagarri bat emango diela oinarrizko soldataren gainean. Osagarria denez, ez da soldatetan sartzen ez eta antzinatasunerako konputatzen. Sindikatuek salatu egin dute, ez dagoelako tauletan jasota, eta 2025eko lan hitzarmenean desagertu egin litekeelako.

Azkenik, bulego askotan segurtasun arazoak dituztela ere salatu dute, erabiltzaileei behar bezala erantzuteko baliabiderik ez dagoenez, bertako langileei egindako erasoak igo egin direla salatuz.

Hortaz, arrazoi horiek guztiak kontuan izanda, greba deialdia egin dute otsailaren 24rako. Sindikatu guztiek batera greba deitu izana ez da hamarkadetan gertatu. Duela bi urte izan zen azken greba, baina deialdiarekin ez zuten sindikatu guztiek bat egin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK