• ENPRESAK GAUR
  • LABek onartu du Bizkaiko kontserba enpresen lan hitzarmena

LABek onartu du Bizkaiko kontserba enpresen lan hitzarmena

Aurrekoa astean aurreakordioa lortu zuten LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Cebek patronalarekin. ELAk ez du proposamena onartu

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026ko abuztuaren 3a - 13:39
Eg. 2026ko abuztuaren 3a - 13:52

LAB sindikatuak iragarri du Bizkaiko arrain kontserben sektoreko hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatuko duela, patronalak helarazitako azken proposamena langileen gehiengo zabalak batzarrean babestu ostean.

 

Joan den astean, CCOO, LAB eta UGTk Cebek patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenaren inguruan egindako proposamena onartu zuten, baina LABek langileen erabakipean utzi zuen eta horiek gaur baieztatu dute hitzarmenarekin aurrera egingo dutela.

Sindikatuak jakinarazi duenez, sektoreko enpresetan egindako kontsultetan babesa eman zaio aurreakordioari, eta, beraz, LABek langileen erabakia "onartzea eta errespetatzea" erabaki du.

 

Patronalaren proposamenak, besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: hitzarmenaren indarraldian (2028ra arte gutxienez) hilean 1.500 euroko gutxieneko soldata; lanbide kategoriak berrantolatzea, LABen ustez, "urrats garrantzitsua” dena sektorean genero-arrakala murrizteko; urteko lanaldia murriztea; zaintzei lotutako lizentziak eta baimenak hobetzea; errelebo-kontratuan aurrera egitea; eta berdintasunaren, lan-osasunaren eta beste lan eta gizarte eskubide batzuen arloan konpromiso berriak hartzea.

LABek nabarmendu du sektorean lortutako aurrerapenak "urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren" eta sektoreko langileek egindako mobilizazio eta greba egunen emaitza direla. "Lortutako ezer ez da kasualitatea izan", esan du. Gauzak horrela, 600 langile ingururi eragingo die hitzarmenak.

ELA izan da Cebeken proposamena onartu ez duen sindikatu bakarra, uste baitu ezarritako lan baldintzak ez direla nahikoak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain