LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Amarradores del Puerto de Bilbao SA enpresak lau langile kaleratu ditu aurten, horietako hiru LABeko ordezkariak, eta beste hamar zehapen ezarri ditu. Horrez gain, aldi baterako hamaika langileri enpresak betoa jarri diela eta beste langile batzuei presioa egiten ari zaiela adierazi du sindikatuak.
LABen arabera, gatazka zuzendaritza berria iritsi zenean hasi zen, lan-baldintzak aldatzeko asmoarekin. Azaldu dutenez, enpresak hamarkadetan indarrean egondako akordioak hautsi eta aldaketak egin nahi izan ditu eskuragarritasunean, lanaldietan eta oporretan, besteak beste. Era berean, kontratazio berrietan langile guztientzako baldintza berak mantentzeko printzipioa baztertu nahi izan du zuzendaritzak. LABek P&O Grupo Reyser eta DP World enpresak jo ditu kudeaketa horren arduraduntzat.
Gatazkaren harira, langileek sei greba egun egin dituzte, eta LABek auzitara jo du lan-baldintzak eta antolaketa sindikalerako askatasuna defendatzeko. Sindikatuak langileei babesa adierazi die, eta enpresari eskatu dio zigorrak eta presioak bertan behera uzteko, kaleratutako ordezkarien egoera konpontzeko eta negoziazioari ekiteko. Era berean, Portuko Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die gatazkan esku hartzeko.
LABek datozen asteetarako hainbat mobilizazio ere iragarri ditu. Urriaren 26an, 06:30ean, informazio-ekintza egingo dute portuan. Urriaren 29an, berriz, elkarretaratzea egingo dute Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean, 09:15etik 10:15era, aldi baterako langileekin lotutako epaiketaren harira. Azaroaren 3an, 10:45etik 11:45era, kaleratzeengatiko epaiketaren aurrean bilduko dira; azaroaren 5ean, 11:00etatik 12:00etara, ordu sindikalen erabilerari buruzko epaiketaren harira; eta azaroaren 10ean, 10:00etatik 11:00etara, grebalarien ordezkapenekin lotutako auziaren harira. Sindikatuak langileei eta afiliatuei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta