Lantokiak norberaren bigarren etxe bihurtu ohi dira askotan, hala nahi izan edo ez izan. Izan ere, norbere denboraren zatirik handienetakoa igarotzen dugu lanean. Agian horregatik lan esparruan harreman sanoak eta onak eraikitzeko beharrari geroz eta garrantzia handiagoa ematen diogu. Baita lagunak egiteari ere.
LinkedInek hiru hilean behin egiten du Langileen Konfiantzaren Inkesta. Espainia mailan argitaratutako azkenekoan biltzen denez, langileen %34k uste du lanean gutxienez lagun bat izatea beharrezkoa dela. Adin tarteka aztertuta, nabarmentzekoa da 1997 eta 2009 urte bitartean jaiotako Z belaunaldikoek esandakoa: %65ek jotzen du ezinbestekotzat lan esparruan lagun bat izatea. Gainontzeko adin tarteetan, batez bestekotik oso gertu daude. Zehazki, baby boomerren (1946-1964 urte bitartean jaiotakoen) %35ek azpimarratzen du aipaturiko beharra, X belaunaldian jaiotakoen (1965-1980 urte bitartean jaiotakoen) %31k, eta Millenialen (1981-1996 urte bitartean jaiotakoak) %37k.
Hori hala izanik, zenbatek ditu lagunak lanean? Bada, langileen %53k, alegia, erdiak baino gehiagok lau belaunaldietako edozeinetan. Horrek ez du esan nahi laguntasun harreman horiek beretsuak direnik kasu guztietan. Stephen Friedman Kanadako Schulich Negozio Eskolako ikertzaileak lau laguntasun mota bereizten ditu lanean, Psychology Today zutabean jasotakoaren arabera. Lehenik, lan esparruko lagunik onena, normalean oso gertukoak izan ohi direnak, estima, konfiantzazko eta zintzotasunezko harremanak ahalbidetzen dituztenak. Bigarrenik, gertuko laguntasunak, zeinetan gertu-gertuko izatera ez iritsita ere, lagun onak izateko nahia gailentzen den, baita bietako batek lana uzten badu ere.
1997 eta 2009 urte bitartean jaiotako Z belaunaldikoen %65ek jotzen du ezinbestekotzat lan esparruan lagun bat izatea
Hirugarrenik, laneko laguntasunak daude. Kasu horretan, ohikoena izaten da harremana soilik lan esparrura mugatzea; bestela esanda, normalean ez da esparru pertsonalari buruzko hainbeste informazio partekatzen. Azkenik, laneko ezaguna dago, alegia, lanean ohikotasunez elkar ikusita ere, interakzio gutxi izaten dutenak.
Konpromisoa areagotu, drama ere bai?
Egoerak egoera, ona al da lagunak egitea lanean? Galdera nori egin, erantzuna desberdina izango da.
Constance Noonan Hadley erakunde psikologoak ez du uste gizakiek lan ordu ugari egiteko gaitasuna izan dezaketenik "modu osasungarrian babes soziala jasotzen ez badute denbora luze batez". Beharra izateaz harago, langileek enpresetan lagunak izatea ontzat jotzen du, esaterako, Rogelio Gomez aholkulariak Human Leader buletinean. Batetik, konpromisoari, atxikipenari eta lan segurtasunari dagokionez egiten duen ekarpenagatik. Bestetik, motibazioa areagotu dezakeelako, bai gauza berriak egiteko, bai lan "desatseginenak" erakargarriago bihurtzeko. Hori gutxi balitz, estresa gutxitzeko faktore ere izan daiteke.
Constance Noonan Hadley erakunde psikologoak ez du uste gizakiek lan ordu ugari egiteko gaitasuna izan dezaketenik "modu osasungarrian babes soziala jasotzen ez badute denbora luze batez"
Hala ere, dinamika horiek "diskriminaziora eta lan berdintasun faltara" ere eraman dezaketela uste du aholkulariak, eta horrekin bat dator Nir Bashan sormenean espezializaturiko psikologoa. Hiru arrazoi edota aholku ematen ditu argudio eta tresna gisa: drama ekiditen dela, adibidez, lankide-lagun batek beste bat babesten ez duenean bilera baten, edo ikuspegi partekatuek kontrako diskurtso bat sortu dezaketelako; mugak argi ezartzea, konfiantzazko harremanak izatean lanaren eta laguntasunaren arteko lerroak mantentzea zaila bihurtzen baita; eta espektatiba bereiziak mantentzea.
Hala ere, harreman horiek, bizitzan bezala, modu naturalean eta organikoan gertatu ohi dira. Askotan, ezinezko ere gerta daiteke harreman horiek errealitate ez bihurtzea.
Telelana, harremanen etsai?
Ainhoa Lafuente Alonso 33 urteko informatika ingeniari donostiarra telelanean aritu da %100ean Madrilgo enpresa batentzat 2022tik 2024ko ekainera arte, eta urtean bizpahiru alditan joan behar zuen hara, normalean udako edo Gabonetako enpresa festetarako. "Esango nuke, harremanei dagokienez, ez dela gauza bera telelana egitea zure hiri berean dagoen enpresa batentzat, eta elkar ikustea biltzeko, zerbait ospatzeko, edo dena delakorako; edo beste hiri batean dagoen enpresa batentzat aritzea. Azken batean, nire kasuan, lankide asko Madrilen, Valentzian edo Bartzelonan zeuden. Beraz, nik uste dut ez duela soilik telelanak eragin lan harreman horietan". Alegia, telelanean arituta ere, eremu geografiko berean lan egiteak lagunak egiteko bidea erraztu dezakeela azpimarratu du, bere esperientzia abiapuntu. "Azkenean, lagunak egiterakoan eragiten du lanetik haragoko interes partekatu bat topatzeak —zinema, kirola, artea...— eta, ondorioz, lanetik kanpo ere geratzen hasteak, geografikoki ere bideragarria delako".
Ainhoa Lafuente (ingeniaria, telelanean aritutakoa): "Esango nuke, harremanei dagokienez, ez dela gauza bera telelana egitea zure hiri berean dagoen enpresa batentzat [...] edo beste hiri batean dagoen enpresa batentzat"
Hori hala izanik ere, Lafuentek uste du bideodeiak ia egunero egiteak ahalbidetzen duela harremanak eraikitzea, nahiz eta ez izan laguntasunezkoak. "Ezin gara ikusi eta ez da harago joango, baina azken batean egunero egiten dituzun dei horietan ez da soilik esparru profesionalaz hitz egiten. Eta poztu egiten zara aurrez aurre ikusteko aukera izateaz", gaineratu du. Hala ere, Jeffrey Hall Kansas Unibertsitateko komunikazio irakasleak Welcome to the Jungle hedabidean adierazitakoaren arabera, "ez da kalitatezko harremanak ezin direnik eman teknologiei esker, baina gutxiagotan garatu ohi dira, nahitasun eta asmo handiagoa eskatzen baitute". Irakasleak dioenez, horrek proaktibotasun handiagoa eskatzen du, eta askorentzat intrusibo suertatu daiteke.
Agian horregatik, Z belaunaldiak —Lafuente Milleniala da— oro har garrantzia nabaria ematen dio aurrez aurrekotasunari laguntasunezko harremanak eraikitzeko bidea errazten duelako. LinkedInen beste inkesta baten jasotzen denez, 20 eta 24 urte bitarteko gazteak dira telelana gutxien eskatzen ari direnak. AEBen, esaterako, 20 eta 29 urte bitarteko gazteen laurdenak baino gutxiagok hautatu ohi du telelana, José Barrero ITAMeko ekonomistak, Nicholas Bloom Stanfordeko ekonomistak eta Steven Davis Chicagoko unibertsitateko ekonomistak eginiko azterketak abiapuntu. Horren atzean egon daiteke, besteak beste, lan kontuengatik beste hiri batera joan eta harreman berriak bilatzeko beharra, baita lagunak egiteko adin garrantzitsua izaten jarraitzea ere.