
Lan absentismoaren gainean kezkaturik jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko patronalek. Atzo, Confebaskek antolatuta, gaia lantzeko jardunaldia antolatu zuten Bilboko The Artist hotelean. “Lan absentismoaren aldagaia erronka bat da gure enpresen produktibitaterako eta lehiakortasunerako”, adierazi zuen Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak topaketaren amaieran. Bere esanetan, “lehiakorrak eta denboran iraunkorrak diren enpresak gabe, ez dago enplegu onik, ezta biltzeko zergarik ere. Beraz, ez gara txikia den zerbaitez hitz egiten ari”.
Lan absentimoak gizartean dituen ondorioen gainean, “kontzientziazio sozial handiagoa” eskatu du patronalak, eta bide-orri bat adostea proposatu du, zeinetan lanerako ezintasunak eragindako absentismoari buruzko ikerketa sustatuko den eta lan ezintasuneko prozesuen kudeaketan jardunbide onak biltzea eta zabaltzea bermatu nahi den.
Jardunaldiaren hasieran, Orkestra – Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egoeraren hasierako azterketa aurkeztu zuen. Txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan aldi baterako ezintasunagatik gertatzen diren laneko absentziak Espainiako Estatuko beste autonomia erkidegoetan eta Europako beste herrialde batzuetan baino gehiago izan ziren.
Mahai inguru bat ere egin zuten atzokoan. Bertan parte hartu zuten Yagüek berak, Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak, Raul Arza Euskadiko UGTko idazkari nagusiak, Ramon Aranbarri Gipuzkoako Osasun Saileko ordezkariak eta Jose Felix de Jaime GSINen Bizkaiko zuzendari probintzialak.