Lan Ikuskaritzak 110.000 euroko isuna jarri dio Donostiako Metropolitan gimnasioari, langileen greba-eskubidea "etengabe" urratzeagatik. "Oso larritzat" jotako arau-haustea egin duela iritzi dio Lan Ikuskaritzak, eta frogatutzat jo du Metropolitanek langile berriak kontratatu dituela eta enpresaren beste zentro batzuetako langileak aldi baterako lekualdatu dituela greba egiten daudenak ordezkatzeko.
ELAk sei salaketa aurkeztu zituen Lan Ikuskaritzan, eta gaur ohar bidez adierazi du erakundearen ebazpenak egiaztatu duela enpresak legez kanpo ordezkatu dituela beharginak. Donostiako gimnasioko langileek apirilaren 13an ekin zioten greba mugagabeari, lan hitzarmen propioa eskatu eta lan baldintzak hobetzeko asmoz.
ELAk salatu du Metropolitanek ez dizkiola Lan Ikuskaritzari nahitaezko lanaldi-erregistro batzuk eman, eta sindikatuaren arabera, dokumentazio falta horrek legez kanpoko ordezkapenak ezkutatzeko helburua izan du.
Gauzak horrela, sindikatuak oinarrizko eskubideen babeserako demanda aurkeztu du Metropolitanen aurka Lan Arloko Epaitegian. Erantzukizun juridikoak eskatu ditu, baita langileen eskubideen babesa bermatzeko neurriak ere.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta