• ENPRESAK GAUR
  • Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko errektore berria

Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko errektore berria

Enpresagintza fakultateko dekanoak Vicente Atxa ordezkatuko du postuan

Lander Beloki MUko errektore berria | Argazkia: MU
Lander Beloki MUko errektore berria | Argazkia: MU
2026ko irailaren 24a - 11:53
Eg. 2026ko irailaren 24a - 12:01

Vicente Atxaren lekukoa hartuko du Lander Belokik Mondragon Unibertsitateko errektore gisa. Hala erabaki du unibertsitateko Kontseilu Errektoreak, gaur bertan eginiko ezohiko bilera batean.

 

Lander Beloki (Zaldibia, 1971) MUko Enpresagintza fakultateko dekanoa izan da azken 21 urteetan. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta fakultateko Ekonomia irakasle eta ikertzaile lanetan aritutakoa da. Azken urteetan dekanotza uztartu du MU Enpresagintza S.Coop.-eko zuzendaritzarekin eta MIK S.Coop.-en ikerketa-arloko zuzendaritza-erantzukizunekin, MUko zuzendaritza taldeko kide izateaz gain. 

Vicente Atxari dagokionez, 12 urtez izan da errektore, eta bere agintaldia 2026ko abenduaren 31an amaituko da. Kontseilu Errektoretik bere ekarpena azpimarratu dute "Mondragon Unibertsitateak gizartean duen eragina sendotzeari zein unibertsitatea hazi eta nazioartekotzeari dagokionez". Alegia, unibertsitatea "posizio sendoan" uztea aitortu diote. Horrekin batera, haren "giza kalitatea eta konfiantzazko harremanetan" ere jarri dute foku berezia.

 

Belokiren ganako konfiantza "erabatekoa" dela plazaratu du Kontseilu Errektoreak."Bere ibilbideak eta esperientziak berme sendoa osatzen dute Unibertsitatearen erronkak eta aukerak gidatzeko", gaineratu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain