Langile bat "oso larri zauritu" dela salatu du ELA sindikatuak. Langilea makina batekin lanean ari zen Lucart enpresan, Zallako (Bizkaia) Aranguren auzoan, eta bobina batek besoa harrapatu dio. Sindikatuak zehaztu duenez, enplegatuak ez zuen prestakuntzarik, ez informaziorik laneko arriskuen prebentzioaren gainean. Zauritutako langilea Grupo Alliance Aldi Baterako Enpresaren (ABLE) bidez kontratatuta ari zen lanean, eta ebakuntza egin behar izan diote.
"Enpresak prebentzioan behar beste inbertitu ez izanak eta plantillen osasunari baino etekin ekonomikoei lehentasuna emateak agerian uzten dute enpresek ez dutela konpromisorik lan arriskuen prebentzioarekin", ohartarazi du ELAk. "Neurri sendoak har ditzatela" dei egin die sindikatuak bai Eusko Jaurlaritzari, bai lan osasunaren arloan eskumena duten erakundeei. Era berean, sindikatuak ABLEen bidez kontratatutako langileengan jarri du fokua, "haien behin-behinekotasunak eta lan prekaritateak areagotu egiten baitute haien ahultasuna".
ELAk jasotako datuen arabera, 2026. urtean 50 pertsona hil dira lanean ari zirela Hego Euskal Herrian.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta