Langile-ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen garrantzia

Hauteskundeok ezinbestekoak dira lantoki bakoitzeko langile guztien interesak defendatuko dituzten organoak eratzeko, baita sindikatuen ordezkagarritasuna zehazteko ere

Urrian hasi ohi dira langileen ordezkariak hautatzeko bozketa asko Hego Euskal Herriko lantegietan | Argazkia: iStock Urrian hasi ohi dira langileen ordezkariak hautatzeko bozketa asko Hego Euskal Herriko lantegietan | Argazkia: iStock

Urrian hasi eta ekainera arte, Hego Euskal Herrian langileen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egingo dira lantoki askotan. Hauteskunde horiek egiteko ekimena langileei dagokie. Alabaina, sindikatuek berebiziko interesa dute hauteskunde horiek izan daitezen. Izan ere, sindikatuen ordezkagarritasuna, hau da, garrantzia, hauteskunde horietan lortutako ordezkari-kopuruaren araberakoa da.

Bada, estatu-mailan, autonomia-erkidego mailan edo sektore jakin batean, abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoak, Sindikatu Askatasunari buruzkoak (SALOk), ezarritakoaren ildotik, ordezkagarritasun handiena lortzen duten sindikatuek eskubidea izango dute, dagozkien esparruetan, besteak beste, Administrazio publikoetan eta erakunde desberdinetan ordezkaritza izateko, enpresaz gaindiko hitzarmen kolektiboak negoziatzeko legitimazioa izateko eta lantokietan langileen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak sustatzeko. Edozein kasutan, enpresak demokratizatzeko ezinbesteko tresna dira hauteskundeok.

Ordezkaritza bateratuaren organoak

Langileen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen jatorria trantsizio-garaiko 3149/1977 Dekretuan dago, eta helburua da kasuan kasuko ordezkariek lantokiko langile guzti-guztiak ordezkatzea, kontuan hartu gabe horiek izan dezaketen kontratu-modalitatea, antzinatasuna, sindikaturen batean afiliatuta dauden ala ez eta abar. Hortaz, printzipioz, sindikatu-izaerarik gabeko ordezkariak dira hauteskunde horietan aukeratzen direnak. Horregatik, sindikatuek aurkez ditzaketen hautagaiez gain, langileen plataforma independenteek aurkez ditzaketen hautagaiek ere parte har dezakete. Hala ere, egunerokotasunean, azken horiek arazoak izan ohi dituzte, batik bat, aholkularitza juridikoa izateko. Hurrean ere, sindikatuek aurkeztutako hautagaiek beti izango dute sindikatuaren babesa. Aitzitik, langileen plataforma independenteek sarritan aholkulari juridikoak kontratatzeko premia izango dute.

Hauteskunde horiek direla eta, ordezkaritza bateratuaren organoez hitz egiten da. Lantokiak duen langile-kopuruaren arabera, Langileen Estatutuak bereizi ditu langileen eskuordeak eta enpresa-batzordea.

Langileen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen jatorria trantsizio-garaiko 3149/1977 Dekretuan dago, eta helburua da kasuan kasuko ordezkariek lantokiko langile guzti-guztiak ordezkatzea

Modu horretara, 6 langiletik 49rainoko lantokietan langileen eskuordeak aukeratu ahal izango dira. Zehatzago, 6 langiletik 30erainoko lantokietan eskuorde bat aukeratu ahal izango da, eta 31 langiletik 49rainokoetan hiru.

Kasu horietan, hautagai-zerrendak irekiak izaten dira. Bestela esanda, zerrendan hautagai guztiak jasotzen dira eta gero langile bakoitzak nahi dituenak hautatuko ditu. Horrenbestez, baliteke langile batek sindikatu edo plataforma independente desberdinetako hautagaiei ematea botoa.

Enpresa txikienen eta handienenen kasuak

6 langile baino gutxiagoko lantokietan, langileen partaidetza gauzatzeko beste modu batzuk antola daitezke, halaxe aitortu duelako Langileen Estatutuaren 61. artikuluak. Kontuan hartu behar da 6 langile baino gutxiagoko lantoki asko dagoela. Horregatik, langile horiek ordezkaritzarik gabe gera ez daitezen, ezinbestekoa da partaidetzarako mekanismoak abian jartzea. Halakoetan, zenbait kasutan, sektoreko hitzarmen kolektiboetan arautu izan da langileen eskuorde bakarra izateko eskubidea. Bestela, posible litzateke lantokiko langileek euren artean modu demokratikoan eskuorde bat aukeratzea.

Lantokiak 50 langile edo gehiago dituenean, enpresa-batzordea aukeratu ahal izango da, hots, kide anitzeko ordezkaritza-organoa. Langileen Estatutuak zehaztu du enpresa-batzordearen kide-kopurua hurrengo mailaketaren arabera: 50 langiletik 100eraino, 5 kide; 101 langiletik 250eraino, 9 kide; 251 langiletik 500eraino, 13 kide; 501 langiletik 750eraino, 17 kide; 751 langiletik 1000eraino, 21 kide; eta 1000 langiletik aurrera, bi kide 1000 langileko, edo horren zatiki bakoitzeko, eta 75 kide gehienez.

6 langile baino gutxiagoko lantokietan, langileen partaidetza gauzatzeko beste modu batzuk antola daitezke, halaxe aitortu duelako Langileen Estatutuaren 61. artikuluak

Horrelakoetan, hautagai-zerrendak zarratuak izaten dira: sindikatu edo plataforma independente bakoitzak bere hautagai-zerrenda aurkezten du eta langile bakoitzak horietariko bati emango dio botoa.

Baliteke, probintzia berean, edo udalerri mugakideetan, 50 langileraino heltzen ez diren bi lantoki edo gehiagoko enpresan, baterako enpresa-batzordea eratzea, baldin eta lantoki horiek batera kopuru horretaraino heltzen badira.

Bestelako ordezkariak lantokietan

Garrantzitsua da lantokiko langileak ordezkatzeko hauteskundeetatik aterako diren organoetatik bereiztea sindikatu-ordezkaritza. Arean ere, ordezkaritza bateratuko organoez gain, sindikatu-ordezkaritza ere izan daiteke lantokietan, SALOk ezarritakoaren arabera.

Halatan, sindikatu batean afiliatuta dauden langileek eskubidea dute lantokian euren afiliazioaren araberako sindikatu-atalak eratzeko. Printzipioz, sindikatu-atalek kasuan kasuko sindikatuan afiliatutako langileak bakarrik ordezkatuko dituzte. Baina sindikatu-atalek garrantzi handia izango dute, enpresa-batzordeko kideen edo langileen eskuordeen artean gehiengoa dutenean. Esaterako, halakoetan, enpresa edo lantokiko langile guztientzako aplikagarri izango diren hitzarmen kolektiboak negoziatu ahal izango dituzte enpresaburuarekin.

Garrantzitsua da lantokiko langileak ordezkatzeko hauteskundeetatik aterako diren organoetatik bereiztea sindikatu-ordezkaritza. Arean ere, ordezkaritza bateratuko organoez gain, sindikatu-ordezkaritza ere izan daiteke lantokietan

Horrez gain, 250 langile baino gehiago dituzten lantokietan sindikatu-eskuordeak izan daitezke. Kasuan kasuko sindikatuan afiliatutako langileek hautatu behar dituzte, afiliatu horien artean. Sindikatu-eskuordeek, enpresa-batzordean izaterik ez badute, legeak enpresa-batzordeko kideentzat jasotako berme berberak izango dituzte, bai eta, gutxienez, hurrengo eskubideak ere: eskura izatea enpresak enpresa-batzordearen esku jartzen dituen informazio eta agiri berberak; enpresa-batzordearen eta prebentzioaz arduratzen diren lantokiko erakundeen batzarretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe; enpresak euren iritzia entzutea, izaera kolektiboko neurriak hartu baino lehenago, neurri horiek ukitzen badituzte langileak orokorrean eta euron sindikatuetan afiliatutako langileak bereziki, eta modu berezian afiliatu horiek kaleratu edo zehatzen direnean.

Ordezkaritza bateratuko organoen eginkizunak

Ordezkaritza bateratuko organoek dituzten eginkizunek erakusten dute zein garrantzitsua den horiek aukeratzeko hauteskundeak sustatu eta horietan parte hartzea. Hartara, eginkizunon artean hiru nabarmendu behar dira.

Lehenengoak barne hartzen ditu informazio- eta kontsulta-eginkizunak. Langileen Estatutuak ezarritako maiztasunarekin, enpresaburuarengandik gai askori buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dute. Gai horien artean daude, esaterako, sektoreko nahiz lantokiko egoera ekonomikoa; kontratazioen inguruko gorabeherak; absentismoaren, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaineko datuak; emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren eskubideak lantokian duen aplikazioa; falta oso astunen ondorioz langileei ezarritako zehapenak; algoritmoen erabilera, halakoek eragina izan dezaketenean lan-baldintzen, enplegura sartzearen eta enpleguan jarraitzearen inguruan hartzen diren erabakietan.

Langileen Estatutuak ezarritako maiztasunarekin, enpresaburuarengandik gai askori buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dute, esaterako, sektoreko nahiz lantokiko egoera ekonomikoari buruzkoa

Gainera, informazio hori dela eta, hala arautu denean, enpresaburuak nahitaez kontsultatu beharko ditu ordezkaritza bateratuko organoak, eta, horren ondorioz, baliteke organo horiek txostena egin behar izatea ere. Bada, kontsulten zein txostenen xedea da ikuspegi eta iritziak trukatzea eta horien justifikazioa balioestea. Azken buruan, partaidetza-bide horiek elkarlana bultzatu eta gatazkak saihesteko aukera ematen dute.

Bigarrena zaintza-eginkizunen ingurukoa da. Langileei aplikagarri zaizkien arau guztiak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko eginkizuna dute. Horren ondorioz, hala behar izanez gero, gaitasuna dute administrazio-egintzak edo akzio judizialak egikaritzeko.

Langileei aplikagarri zaizkien arau guztiak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko eginkizuna dute organoek

Eta hirugarrena eta azkena da enpresan edo lantokian eragingarritasun osoko hitzarmen nahiz akordioak negoziatzea. Horrelako hitzarmen edo akordioek ahalbidetzen dute lan-arloko arauketa egokitzea eta malgutzea, lantokiko berezitasunak eta beharrizanak aintzat hartuta. Gainera, kontuan hartu behar da gai askori begira enpresa-mailako hitzarmenek duten lehentasuna edo gatazka kolektiboak saihesteko aldez aurretik, enpresaburuarekin izan beharreko kontsultadietan, akordioak lor daitezkeela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK