
Eroski ez da ohiko banaketa-kate bat. Kooperatiba ereduan oinarritzen da, bai, baina egitura bikoitza du: langileek eta kontsumitzaileek hartzen dute parte enpresaren kudeaketan zein erabakietan, batak zein besteak %50eko ordezkaritza baitu taldearen Batzar Orokorrean. Ezohikotasun hori abiapuntu, EnpresaBIDEAk kooperatibista eredu bakoitzeko ordezkari bat hautatu du Eroskiren laguntzarekin, eta buruz buru jarri ditu ereduaz eztabaidatu asmoz.
Langile bazkide profila ezagunagoa da egun: “Langile izateko modu desberdina da. Orokorrean enpresentzat egiten da lan, eta guk, ordea, guretzat eta gure artean egiten dugu, bai lana, baita kooperatiba aurrera eraman ere”, dio Itziar Elorriaga langile kooperatibista beteranoak. 36 urte baino gehiago daramatza Eroskin lanean, eta, langile kooperatibista gisa, enpresaren barne-egituretan parte hartzeko eskubidea du Elorriagak. Berak eta, oro har, langile kooperatibistek, zenbait ardura eta konpromiso dituzte kooperatibista izate hutsagatik. Batetik, boto eskubidea dute erabaki estrategikoetan eta informazio esanguratsua jasotzen dute zuzendaritzatik zuzenean. Bestetik, batzarretan parte hartzeko beharra dute, ekarpen ekonomiko esanguratsua egin behar dute kooperatiban sartzerako orduan, eta, ondorioz, taldearen emaitzak negatiboak badira, arriskuan jartzen dute haien kapitala.
Kontsumitzaile bazkideen profila ez da horren ezaguna, baina [...] zuzenean eragin dezake Eroskiren norabidean
Kontsumitzaile bazkideen profila ez da, ordea, horren ezaguna, baina biziki garrantzitsuak dira horiek ere Eroskiren funtzionamendu egokirako. Zuzenean eragin dezakete Eroskiren norabidean, nahiz eta haien inplikazioa borondatezkoa izan eta arrisku ekonomiko txikiagoa eduki. Batzar Orokorrean parte hartu eta bozkatzeko eskubidea dute, langileen pareko, eta kooperatibak kanal zuzenak eskaintzen dizkie lehen eskuko informazioa jasotzeko. Ez dute zertan aktiboki parte hartu; are gehiago, bazkide kontsumitzaile askok soilik erosketak egiten dituzte supermerkatuan. Baina, beste batzuek, informazio gehiago jasotzeko gogoa edo beharra
dutenak, pausoa eman dezakete eta kontsumitzaileen ordezkari edo ordezkari hautagai izateko aukera ematen zaie.
Iñigo Iñurrategi da kontsumitzaile kooperatibista horietako bat: “Eskubide askoko eta betebehar gutxiko egoera da gurea. Bazkideena ez bezala, kontsumo bazkideen kapital ekarpena sinbolikoa da, euro eta piko ordaindu eta bazkideen txartel gorria ateratzearekin 'nahikoa delako'; gainera, Eroskik enpresa gisa arazoak baditu, kontsumitzaileak ez du zuzeneko erantzukizunik, eta, hortaz, arrisku txikikoa da”, dio. Hasieran, kontsumitzaile arrunta zen Iñurrategi, baina denborarekin konturatu zen kontsumo bazkide “aktibo” izan behar zuela, gustuko ez zituen gauzak aldatzeko erakundearen barrenetik parte hartzea beharrezkotzat jo baitzuen.
Iñigo Iñurrategi (kontsumitzaile kooperatibista): “Eskubide askoko eta betebehar gutxiko egoera da gurea. Bazkideena ez bezala, kontsumo bazkideen kapital ekarpena sinbolikoa da"
Izan langile bazkide, izan kontsumitzaile bazkide, erabakiak hartzea Batzar Orokorrean parte hartzetik haratago doa, prozesua ez baita egun bakarreko kontua. Izan ere, Batzar Orokorra baino lehenago, prestatze batzarrak antolatzen dira bi kolektiboentzat, alegia, langileentzat zein kontsumitzaileentzat. Bilerok informazio zehatza eta eguneratua jasotzeko espazio gisa funtzionatzen dute, helburu izanik Batzar Orokorrean hartu beharreko erabakietara nolabait ere prest iristea. Kooperatibako arduradunekin (zuzendaritza, kontseilu errektoreko kideak…) biltzen dira bazkideak, eta proposamen nagusiak, testuinguru ekonomiko eta estrategikoa, eta bazkideen zalantzak azaltzen eta argitzen dira.
“Hiru hilabetean behin interesa daukagun hainbat kontsumitzaile elkartzen gara, eskualde edo eremu geografikoen arabera antolatuta, eta bertan harreman zuzena izaten dugun Eroskiko kudeaketa sozialeko ordezkariekin”, azaldu du Iñurrategik. Bilera batzuetan profesional espezialistak ere izaten dira, langile edo bazkideek duten kezka jakin bati erantzuna emate aldera.
Batzar Orokorrean langile zein kontsumitzaileen ordezkariak biltzen diren arren, prestatze batzarrak bakoitzak bere aldetik egiten ditu
Batzar Orokorrean langile zein kontsumitzaileen ordezkariak biltzen diren arren, prestatze batzarrak bakoitzak bere aldetik egiten ditu. Arrazoia sinplea da: informazioa modu desberdinean azaldu behar izaten zaie batzuei eta besteei. Normalean hizkuntza sinpleagoa erabili behar izaten da kontsumitzaileen kasuan, langileek beren “hizkuntza propioa” eta ezagutza sakonagoa izaten dutelako. Hala ere, behin Batzar Orokorrean daudenean, guztien botoek balio bera izaten dute.
Kooperatibaren jatorria eta bilakaera
Gaur egungo langile-kontsumitzaile kooperatibisten eredu bikoitza ez da betiko kontua. Kooperatiba sortu zenean kontsumitzaileek zuten Eroskiren jabetza osoa, hau da, kontsumitzaile kooperatiba zen. Urteak pasa ahala, 1980eko eta 1990eko hamarkadetan aldaketak iritsi ziren, eta Batzar Orokor batean erabaki zen jabetzaren %50 langileekin partekatzea. Ordura arte langileak enplegatu “hutsak” ziren, baina kontsumitzaileei koherentea iruditu zitzaien haiek ere bazkide bilakatzea.
Ordutik, gaur egun ezaguna den eredu bera mantendu du taldeak. “Batzuetan langileen artean komentatu da parekidetasun hori ez dela guztiz justua, batzuk ez baitatoz bat kontsumitzaileek eskubide berberak izatearekin, baina momentuz ereduak ondo funtzionatu du eta nire ustez alde onak askoz ere gehiago dira alde txarrak baino”, aitortu du Elorriagak. Ildo beretik, Iñurrategik gaineratu du taldeak emaitza positiboak dituenean kontsumitzaileek ez dutela zuzenean parte hartzen etekinen banaketan, “lan bazkideen artean banatu edo berrinbertitu egiten delako dirua”.
Itziar Elorriaga (langile bazkidea): “Batzuetan langileen artean komentatu da parekidetasun hori ez dela guztiz justua. [...] Nire ustez alde onak askoz ere gehiago dira alde txarrak baino”
Etorkizunera begira, Eroskiren kooperatiba eredua itxaropentsu ikusten dute, bai Elorriagak, bai Iñurrategik. Azken urteetan esfortzu handia egin dute bazkideek kooperatiba aurrera ateratzeko, taldearen zorpetze maila altua eta murrizketak zirela medio. Soldata igoerarik gabe lan gehiago egitea onartu zuten langile bazkideek, eta langile askoren kapitala kolokan izan zen. “Gure aurreratutako diruaren %1 jartzea erabaki genuen kaltetuak izan zirenei lagundu eta bazkideak kooperatibatik atera behar ez izateko; gaur egunetik ikusita, egin genuenak meritu handia duela iruditzen zait”, azpimarratu du Elorriagak.
Eredu kooperatiboaz haratago joan nahi du etorkizunean Iñurrategik, haren ustetan interkooperazioa baita garrantzitsua, hots, kooperatiben arteko elkarlana: “Kooperatiba isolatuak eta banatuak izan gaitezke, baina elkartuz gero, efektua eta eskala askoz ere nabariagoak dira. Etorkizunean izugarrizko erronkei aurre egin beharko zaie, inbertitzeko ahalmena beharrezkoa izango da, eta horretarako elkartasun mekanismoak garatu beharko dira”. Horrez gain, Euskal Herriaren ikuspegitik eta enpresa ikuspegitik estrategikotzat jotzen du Iñurrategik kooperatiba eredua, tokiko enpresak tokikoak izatea gakoa delako taldearen etorkizuna bermatzeko.
Kontsumitzaileen ohiturak eta kooperatibaren erantzukizuna
Kooperatibaren barne egituraz haratago, Eroskik duen erantzukizun soziala eta kontsumitzaileen kontsumo ohiturek duten eragina ere mahaigaineratu dituzte Elorriagak eta Iñurrategik. Digitalizazioak, jasangarritasunak eta osasun-irizpideek erosketa ohituretan eragiten duten neurrian, Eroskik rol aktiboa izan dezake kontsumo arduratsuagoa bultatzerako orduan.
Haatik, teoria praktikan jartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. “Osasungarriak diren produktuak nahi ditugu, bai, baina garestiegiak badira edo elaborazio handia eskatzen badute, jada prestatuta datozen elikagaiak erostera jotzen dugu”, dio Elorriagak, kontsumitzaileen rolean jarrita. Horregatik, Iñurrategiren ustean Eroskik erantzukizun handia dauka, “milaka kontsumitzaileren ohiturak aldatzeko aukera baitu”. Gauza bera gertatzen da tokiko produktuekin: Eroskik soilik tokiko elikagaiak salduko balitu, jende guztia hori kontsumitzera bultzatuko luke. “Baina kontsumitzaileen logika desberdina da; ez baduzu denetarik eskaintzen, beste denda batzuetara joango dira. Eroskik lan bikaina egiten du alderdi honetan, ekoizle txiki askorekin lankidetzan arituz kontsumitzaileei tokiko produktu sorta zabala eskaintzeko", azpimarratu du Iñurrategik.
Kooperatibaren barne egituraz haratago, Eroskik duen erantzukizun soziala eta kontsumitzaileen kontsumo ohiturek duten eragina ere mahaigaineratu dituzte Elorriagak eta Iñurrategik
Horregatik, garrantzitsua da kontsumitzaileak ere kooperatibaren baitan aktiboak izatea, bai bileretan parte hartuta, bai bazkide gisa inplikatuta. Erosleen ikuspegia, langileenaren moduan, ezinbestekoa da Eroskirentzat, erosketa-ohituretan eta bakoitzaren lehentasunetan oinarritutako begiradak osagarriak baitira taldearentzat. Kooperatibaren egitura bikoitzari esker, enpresa eta kontsumitzailea ez dira aurrez aurre kokatzen, elkarren ondoan baizik.