Langileak enpresaren etorkizunaren jabe direnean

Errelebo demografikoaren erronkak mahai gainean jarri du enpresen jarraipena bermatzeko irtenbide berrien beharra

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko uztailaren 11 - 05:30

Datozen urteetan ehunka enpresek izango dute erreleboaren erronkari aurre egiteko beharra. Hain zuzen ere, horretan ari da Gipuzkoan hainbat eragilek ekonomikok osatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lidergoa duen Errelebo Mahaia, erronka horri erantzun partekatua eman asmoz. Argi dagoena da familia barruko ondorengotzarik ez dagoenean, langileek enpresaren gidaritza hartzea gero eta aukera sendoagoa bihurtzen ari dela, enplegua eta erabakiguneak lurraldean mantentzeko gako dena. Horren aldeko apustua egin duen enpresetako bat izan da Ekolur Lan Sozietatea.

 

Ingurumenaren, jasangarritasunaren eta inpaktuaren ebaluazioaren arloan lan egiten duen enpresa da, 1998an sortu zena. Lan sozietatea izanik ere, euren bazkide egitura aldatzen joan da. Bi une garrantzitsu izan ziren horretan. 2009, bazkide nagusienetarikoa zenak bere portzentajea saldu zuenean, eta 2020 eta 2022 urte bitartean gertatutakoa, azken urte horretan jubilatu baitzen ordura arte bazkidetzaren %55 zuen langilea. "Bazkide horrek pixkanaka bere partaidetzak langileen esku utzi zituen; 2020an sartu ziren lehenak, eta guztiz jubilatu zenean beste bost langile batu ziren proiektura", azaldu dio EnpresaBIDEAri Angela Oscoz Ekolurreko gerente eta inpaktua ebaluatzeko teknikariak. "Gaur egun 23 pertsona gara eta horietatik 16 bazkide", gehitu du.

Anabel Yoldi (Asle): "Erretiroaren erronkak Ekonomia Soziala lehen lerroan kokatu du erreleboari erantzuteko irtenbide gisa"

 

Aldaketa hori gauzatzeko prozesuan, baina, Errelebo Mahaian dagoen ASLE langileen parte-hartzea eta Lan Sozietateen eredua sustatzen dituen erakundearen laguntza ezinbestekoa izan dela azpimarratu du. Elkarteak estatutuak prestatzen, partaidetzen eskualdaketan, laguntza publikoak identifikatzen, finantzaketa aukerak bilatzen eta errelebo plana diseinatzen lagundu die. "Hasieratik egon da gure ondoan, funtsezko prozesu guztietan aholkuak emanez eta erreleboa prestatzen lagunduz", adierazi du Oscozek.

 

ASLEko Gipuzkoako Ordezkaritzako arduradun Ana Isabel Yoldik mahaigaineratu duenez, halako erreleboak gauzatzea eta lan sozietateak sustatzea gako da. "Enpresa guztiek errentagarriak izan behar dute, baina Lan Sozietateek helburu ekonomikoa eta oreka soziala uztartzen dituzte", gogorarazi du. "Horrek kalitatezko enplegua sortzea, langileen parte-hartzea sustatzea eta lurraldearekiko lotura sendotzea ahalbidetzen du. Gainera, erabaki estrategikoak bertan hartzen direnez, deslokalizazio arriskua txikiagoa da eta urteetan pilatutako ezagutza ez da galtzen", gaineratu du.

Dirulaguntzak, erreleboa planifikatzeko ezinbestekoak

Errelebo prozesu batek ez du jabetza aldaketa soil bat esan nahi. Antolaketa berrikusi behar da, gobernantza eredua egokitu, ezagutza transmititu, finantza-balorazioak egin eta alderdi fiskalak aztertu. Horregatik, dirulaguntzek garrantzi estrategikoa dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,4 milioi euroko aurrekontua bideratuko du 2026an arlo honetara, enpresen jarraipena eta langileen partaidetza indartzeko. Horren erakusgarri dira 2025ean Partaidetza eta Jarraipena programen bidez emandako laguntzak; guztira, 58 onuradunek jaso zuten babesa, langileen inplikazioa sustatzeko eta belaunaldi-erreleboaren zein enpresen ondorengotzaren bidez enpresen etorkizuna bermatzen laguntzeko.

"Dirulaguntzek katalizatzaile lana egiten dute; enpresei aurrea hartzen eta erreleboa modu antolatuan prestatzen laguntzen diete", esan du Yoldik. Horri esker, enpresek denboraz planifikatu ditzakete prozesuak eta arrisku gutxiagorekin gauzatu.

Angela Oscoz (Ekolur): "Enpresaren %55 zuen bazkideak pixkanaka bere partaidetzak langileen esku utzi zituen; 2020an sartu ziren lehenak, eta guztiz jubilatu zenean beste bost langile batu ziren proiektura"

Ekolurren kasuan ere laguntza horiek erabakigarriak izan dira. Enpresak urteetan hainbat programa baliatu ditu, besteak beste, antolaketa parte-hartzailea garatzeko, gobernantza berria ezartzeko eta bazkide nagusiaren erreleboa prestatzen hasteko. Horri esker, administrazio kontseilua sortu zuten, gerentziaren trantsizioa modu ordenatuan egin zuten eta kanpoko aholkularitza espezializatua izan zuten prozesu osoan.

Oscozek nabarmendu duenez, "laguntza horiek gabe, ziurrenik prozesuak askoz motelago joango ziren eta zaila da jakitea amaiera bera izango ote zuten". Bere ustez, dirulaguntzek ez dute soilik finantzaketa eskaintzen; enpresei denbora eta baliabideak ematen dizkiete etorkizuna lasaitasunez prestatzeko.

Erreleboa eta ekonomia soziala

Erretiro kopuruaren hazkundeak eta belaunaldi aldaketak Ekonomia Sozialaren eredua inoiz baino ikusgarriago egin dute. ASLEren arabera, gero eta enpresa gehiagok jotzen dute langileen parte-hartzera ondorengotza bermatzeko bide gisa, batez ere familia barruko erreleborik ez dagoenean.

Yoldiren ustez, "erretiroaren erronkak Ekonomia Soziala lehen lerroan kokatu du erreleboari erantzuteko irtenbide gisa". Aldi berean, nabarmendu du erronka nagusietako bat dela ekintzailetza kolektiboa sustatzen jarraitzea, izan ere, taldean sortutako enpresek iraupen tasa handiagoa dute banakako ekimenek baino.

Anabel Yoldi (Asle): "Dirulaguntzek katalizatzaile lana egiten dute; enpresei aurrea hartzen eta erreleboa modu antolatuan prestatzen laguntzen diete"

Errelebo demografikoaren erronkak mahai gainean jarri du enpresen jarraipena bermatzeko irtenbide berrien beharra. Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeek eta ekonomia sozialeko eragileek osatutako sareak bide hori sendotu nahi du, enplegua, ezagutza eta erabaki guneak lurraldean mantentzeko. Horren erakusgarri dira langileen esku geratzen ari diren gero eta enpresa gehiago.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain