• ENPRESAK GAUR
  • Langileen ordezkaritza eskubideen gaineko hainbat urraketa antzeman ditu Lan Ikuskaritzak

Langileen ordezkaritza eskubideen gaineko hainbat urraketa antzeman ditu Lan Ikuskaritzak

234 jarduketa egin zituen iaz eta horietatik %42tan “ez-betetzeak” detektatu zituen. Perez Barredok ohartarazi du datu horiek agerian uzten dutela informazio eta kontsulta eskubideak enpresek gehien urratzen dituzten betebeharretako bat direla

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026eko apirilaren 13a - 12:53
Eg. 2026eko apirilaren 13a - 16:43

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak 234 jarduketa egin zituen iaz eta horietatik %42tan langileen ordezkarien eskubideak babesteko “ez-betetzeak” antzeman zituen. Zehazki, hamahiru arau-hauste eta 85 kasutan errekerimenduak egin ziren, irregulartasunen bat antzeman zelako.

 

Elena Pérez Barredo Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eman ditu datu horiek astelehen honetan, EHUk antolatutako Langileen parte-hartzea enpresan jardunaldiaren inaugurazioan. Sailburuordeak ohartarazi du datu horiek agerian uzten dutela informazio eta kontsulta eskubideak, lan arloko partehartzearen oinarrizko zutabeak, oraindik ere “euskal enpresek gehien urratzen dituzten betebeharretako bat” direla, eta azpimarratu du, praktikan, eskubide horiek izaera ez-loteslea izaten dutela, eta horrek mugatu egiten duela benetako eragina erabaki estrategikoak hartzerakoan.

Pérez Barredok gogorarazi du langileek enpresan duten parte-hartzeak “oinarri konstituzional argia” duela, Espainiako Konstituzioaren 129.2 artikuluan jasoa, baina adierazi du haren arau garapena “mugatua eta asmo gutxikoa” izan dela, Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeetako ereduekin alderatuz gero. Ildo horretan, nabarmendu du Alemanian, Frantzian edo Eskandinaviako herrialdeetan ez bezala, Espainian ez dagoela merkataritza sozietateetako administrazio kontseiluetan langileen ordezkarien presentziaren onarpen orokorrik.

 

Testuinguru horretan, sailburuordeak defendatu du enpresa demokratizatzea “ez dela soilik eskakizun konstituzionala, baizik eta eredu ekonomiko bidezkoago, produktiboago, erresilienteago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko beharrezko baldintza”.

Halaber, enpresen kudeaketan, emaitzetan eta kapitalean lan egiten dutenen ahotsa eta benetako parte-hartzea zabaltzeak “Espainian eta Europan gizarte kohesioa, kalitate demokratikoa eta trantsizio ekologikoa indartzeko funtsezko aurre banaketako estrategia gisa” joka dezakeela azpimarratu du.