Lantek software industrialean diharduen enpresak espazio berria izango du Zorrotzaurren, Euskadiko Parke Teknologikoan. Konpainiak Idomekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Ikerlanekin eta Vicomtechekin bat egingo du parkeko Bilbao Campusean. Proiektua gaur goizean aurkeztu dute, eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Alberto López de Biñaspre Lantekeko zuzendari orokorra.
Mikel Jauregi sailburuaren aburuz, Lanteken eta lehenagotik zeuden proiektu horien ezarpena Zorrotzaurren izatea “Parke Teknologikoa ezagutzaren, teknologiaren eta industriaren arteko konexio espazioa izatearen frogarik onena da. Gune hori Euskadiko produkzio-sarearen zerbitzura jartzen dugu, euskal industriaren hazkundea, berrikuntza eta lankidetza bultzatzeko", azaldu du.
Lantekek fabrikazio aurreratu eta makina-erreminta sektorerako soluzioak gauzatuko ditu espazioan, zeinak 6.000 m² baino gehiago izango dituen. Era berean, Euskadiko Parke Teknologikoak 9.000 m²ko beste eraikin bat ere altxako du, industia berriak erakartzeko asmoz. Orotara, 50 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi eraikinetan.
Horrekin batera, Bilbao Campuseko Iparraldeko Puntako garapenean aurreikusitako azken lursaila ere erosi du parke teknologikoak, garai bateko Mefesa zegoen lekua, hain zuzen ere. Eraikin historiko hori birgaitu egingo dute, proiektu teknologiko eta industrialen arteko lankidetza sustatzera bideratutako espazio bihurtzeko.