Nafarroako erdialdean dagoen Larraga herriak aspaldidanik izan du lotura estua nekazaritzarekin. Zerealak, barazkiak eta zekalea izan dira urte luzez bere paisaiaren eta ekonomiaren zutabe nagusiak, baina azken urteotan olibagintzak gero eta presentzia handiagoa hartu du, bai lurretan, bai nekazarien ustiategietan. Aldaketa horrek egitura sendoagoak eskatzen zituen, eta testuinguru horretan ulertu behar da Larragako Trujalak emandako urrats estrategikoa: bere jarduera San Isidro Nekazaritza Kooperatibaren baitan integratzea, eta trujal berri, moderno eta erabat industrializatu bat martxan jartzea.
Erabaki horrek mugarri bat ezarri du herriaren historia hurbilean. Izan ere, urte luzez herrigunean kokatutako trujal zaharrak ezin zuen gehiago eman. Espazio arazoak, instalazio zaharkituak eta hazteko aukerarik eza ziren eguneroko errealitatea. “Egoera horretan jarraitzea gibelka egitea zen”, azaldu du Karlos Sueskun kooperatibako gerenteak. “Ez zen soilik kontu teknikoa; etorkizunari begirako erabaki estrategikoa zen”.
Lehengai hutsa saltzetik produktu landua merkaturatzera igarotzeak balio erantsia sortzen du, eta horrek etekin handiagoak ahalbidetzen dizkie bazkideei
Trujal zaharraren integrazioa San Isidro kooperatiban aspaldi mahaiaren gainean zegoen gaia zen. Nafarroan azken urteotan antzeko bidea egin dute hainbat egiturek, besteak beste San Migel Kooperatiba bezalakoek, eskala handiagoa, kudeaketa profesionalizatuagoa eta merkaturatzeko gaitasun handiagoa lortzeko. Larragako kasuan, integrazio horrek aukera eman du trujal berriaren eraikuntza gauzatzeko, herrigunetik kanpo kokatua, logistika hobearekin eta punta-puntako makineriarekin hornitua.
Instalazio berriek prozesu osoa errotik aldatu dute: oliben harrera, garbiketa, ehotzea, prentsaketa eta biltegiratzea modu eraginkorragoan egiten dira orain, kalitatea lehenetsiz. Gainera, trujalak ahalbidetzen du bazkideek olibak zuzenean prentsara eramatea, aldez aintzinetik garbiketarik gabe. “Aunitzetan ez da baloratzen horrek zer suposatzen duen nekazariarentzat denbora aurreztea, lan gutxiago eta erosotasun handiagoa”, dio Sueskunek. “Kooperatibek bazkideen beharretatik eraiki behar dute, ez bulego batetik”.
Bazkide guztien hitza
San Isidro kooperatibak gaur egun 300 bazkide inguru ditu. Gehienak Larragakoak badira ere, inguruko herrietako nekazariak ere badaude: Berbintzana, Mendigorria, Obanos, Artajona edota Tafallaldeko batzuk. Horrek ekoizpen bolumen egonkorra bermatzen du, baina batez ere izaera sozial sendoa ematen dio proiektuari. “Hau ez da enpresa pribatu baten logika hutsa. Hemen bazkide guztiek dute hitza, ustiategiaren tamaina edozein dela ere”, azpimarratu du gerenteak.
Hondarreko kanpainan, trujalak 360.000 kilo oliba inguru jaso ditu, hiru barietate nagusitakoak: pikual, arbekina eta arroniz. Azken hori Nafarroako barietate autoktonoa da, gero eta gehiago baloratzen dena gainera, bere ezaugarri organoleptikoengatik. Aintzinikuspenen arabera, 75.000 litro inguru oliba-olio ekoitziko dira, gehiena olio birjina estra kategorian. “Ez dugu soilik gehiago ekoitzi nahi; ongi ekoitzi nahi dugu”, dio Sueskunek. “Kalitatea eta jatorria dira gure nortasun ikurrak”.
Hondarreko kanpainan, trujalak 360.000 kilo oliba inguru jaso ditu. [...] Aintzinikuspenen arabera, 75.000 litro inguru oliba-olio ekoitziko dira, gehiena olio birjina estra kategorian
Ikuspegi ekonomikotik, trujal propioa izateak jauzi handia ekarri dio kooperatibari. Lehengai hutsa saltzetik produktu landua merkaturatzera igarotzeak balio erantsia sortzen du, eta horrek etekin handiagoak ahalbidetzen dizkie bazkideei. Gainera, merkatuaren gorabeheren aintzinean babes handiagoa eskaintzen du. “Prezioak jaisten direnean, eragin txikiagoa dugu. Eta irabaziak sortzen direnean, hemen geratzen dira”, nabarmendu du.
Balio hori ez da soilik ekonomikoa. Trujal berriak enplegua sortu du, inbertsioa ekarri du eta Larragako eta inguruko herrien dinamizazioan eragin zuzena izan du. “Kooperatibek landa eremua bizirik mantentzen dute. Enpresak itxi eta zerbitzuak desagertzen diren garaiotan, horrelako egiturek eusten diote herriari”, dio Sueskunek. Haren ustez, kooperatibismoa “ez da iraganeko eredua, baizik eta etorkizunerako tresna”.
Karlos Sueskun: “Kooperatibek landa eremua bizirik mantentzen dute. Enpresak itxi eta zerbitzuak desagertzen diren garaiotan, horrelako egiturek eusten diote herriari”
Gainera, trujal berriak atea ireki dio marka propioaren garapenari. Epe ertainera, San Isidro kooperatibak bere olioa izen propioarekin merkaturatu nahi du, tokiko jatorria eta kalitatea ardatz hartuta. Horrek aukera emango du merkatu berrietara iristeko, bai Nafarroan bertan bai kanpoan. “Kontsumitzaileak gero eta gehiago baloratzen du gertukoa, jakitea nondik datorren jaten edo erabiltzen duen hori”, azaldu du gerenteak.
Larragako trujalaren integrazioak, beraz, hainbat mailatan izan du eragina bai industrialean, bai ekonomikoan, bai sozialean eta baita kulturalean ere. Olibagintza ez da soilik jarduera ekonomiko bat Larragan; paisaia, ohiturak eta identitatea ere bada. Kooperatibaren bidez, ondare hori mantendu eta etorkizunera egokitu da.
Epe ertainera, San Isidro kooperatibak bere olioa izen propioarekin merkaturatu nahi du, tokiko jatorria eta kalitatea ardatz hartuta
Testuinguru zabalago batean, ekimen honek Nafarroako kooperatibismoaren indarra islatzen du. Landa eremuetan, kooperatibek ez dutelako soilik ekoizpena antolatzen, baizik eta komunitatea kohesionatzen dute. “Bakarka ezingo genukeen hori elkarrekin lortzen dugu”, laburbildu du Sueskunek. Eta Larragako trujal berria horren adibide argia da. Tokiko baliabideak balioan jarrita, lankidetzan oinarrituta eta ikuspegi estrategiko batekin, Nafarroako erdialdean etorkizuna eraikitzeko bide sendo bat.