• ENPRESAK GAUR
  • Terapia zelularrean espezializatutako konpainia berria sortu da Bizkaian: LTK Cryosolutions

Terapia zelularrean espezializatutako konpainia berria sortu da Bizkaian: LTK Cryosolutions

Markina-Xemeinen egoitza duen enpresa Leartiker zentro teknologikoaren eta Nafarroako Unibertsitate Klinikaren lankidetzaren ondorioz abiarazi da

Laborategi bat | Argazkia: Leartiker
Laborategi bat | Argazkia: Leartiker
2026ko urriaren 6a - 16:35
Eg. 2026ko urriaren 6a - 16:37

Oinarri teknologikoa duen enpresa berria abiatu da Markina-Xemeinen (Bizkaia): LTK Cryosolutions. Konpainiak, CryoKeep izeneko proiektuaren baitan, terapia zelularrentzako gailu mediko bat garatu du, zeinak gaur egungo prozesuak sinplifikatzen dituen. Izan ere, gailua gai da zelulak hartu eta oso tenperatura baxuan gordetzeko —biltegiratze kriogenikoa egiteko—, baita ostean zuzenean pazienteari emateko ere. Alegia, gaur egun bi urratsetan egiten den prozesua pauso bakar batean egiteko kapaz da. "Laborategiaren eta ekipo klinikoaren lanketa sinplifikatzen du, tratamenduaren segurtasuna areagotzen eta kultiboaren aprobetxamendu-tasa hobetzen du", azaldu dute konpainiakoek

 

Leartiker zentro teknologikoaren eta Nafarroako Unibertsitate Klinikaren arteko lankidetzaren emaitza da LTK Cryosolutions. Basque tek Venturesen (BTV) laguntza jaso du, beste finantza-bazkide batzuekin batera. Orain, konpainiak bere produktuaren balidazio kliniko eta zertifikazio faseari ekingo dio; etorkizunera begira, enpresaren xedea da gailua saltzen hastea eta, horrez gain, terapia zelularrak prozesatzeko, manipulatzeko eta kriokontserbatzeko "soluzio sorta oso bat" garatzea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain