• ENPRESAK GAUR
  • Legazpiko Urola kooperatibak lankidetza akordioa itxi du Danimarkako BubbleDeck konpainiarekin

Legazpiko Urola kooperatibak lankidetza akordioa itxi du Danimarkako BubbleDeck konpainiarekin

Aliantza estrategikoak aukera emango dio BubbleDecken teknologia patentatua modu esklusiboan erabiltzeko Espainiako eta Frantziako merkatuetan

Argazkia: Mondragon Korporazioa
Argazkia: Mondragon Korporazioa
2026eko martxoaren 23a - 14:13

Legazpiko Urola kooperatibak urrats garrantzitsua eman du bere dibertsifikazio prozesuan, eta BubbleDeck International enpresa daniarrarekin lankidetza akordioa sinatu du. Modu honetara, Mondragon Korporazioko kooperatibak bere gaitasun teknologikoa eraikuntzaren arlora zabalduko du, konposatu birziklatuen integrazioa eta egitura arintzeko soluzio ziurtagarriak sustatuta.

 

Urola ontzien fabrikaziorako erabiltzen den puzketa bidezko teknologian espezializatua dago, eta aliantza estrategikoak aukera emango dio BubbleDecken teknologia patentatua —esfera hutsen bidez eraikuntzako forjatuak arintzeko teknologietan oinarritzen dena— modu esklusiboan erabiltzeko Espainiako eta Frantziako merkatuetan. Akordio honi esker, Danimarkako enpresaren know-how eta patenteetara sarbide osoa izateaz gain, barrutik hutsik dauden elementu plastiko berritzaileak eraikuntzarako soluzioetan txertatzeko aukera izango du kooperatibak.

Akordioa Urolaren “The Sustainable Wheel” (Gurpil jasangarria) estrategiaren jarraipen naturala da, Urola Solutionsek garatutako estrusio-lerroen belaunaldi berri batean gauzatu dena. Orain arte ontzien sektorean aplikatu du soluzio hori kooperatibak eta orain eraikuntzara bideratu nahi du kooperatibak.

 

Azaldu dutenez, elkarlan honek BubbleDecken esperientzia eta Urolaren gaitasun industrial eta berritzailea uztartzen ditu.