Lehen greba eguna Bizkaiko metalgintza sektorean

Grebaren jarraipena %85ekoa izan dela adierazi dute sindikatuek. Beste bi greba egun daude deituta ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean

Bizkaiko metalgintzaren greba eguna | Argazkia: Europa Press
Bizkaiko metalgintzaren greba eguna | Argazkia: Europa Press
2022eko ekainaren 23a

ELAk, LABek, CCOOek, , UGTk, ESKk, CGTk eta CNTk Bizkaiko Metalaren sektorean ostegun honetan deitutako grebaren jarraipena % 80-85ekoa izan dela adierazi dute sindikatuek. Besteak beste, Arcelor Sestao, Nervacero, Arteche Hermanos, Tecuni, Contratas de Petronor, Gestamp Bizkaia edota CIE enpresak batu zaizkio gaurko lanuzte deialdiari.

Lanuzte eguna lehen orduan hasi da pikete informatiboekin eta goizeko hamaika eta erdietan langileek manifestazioa egin dute Bilbon, patronalaren egoitzatik (FVEM) Arriagako zubiraino. Manifestazioa hasi baino lehen, ELAko Industria arduradun Mikel Etxebarriak nabarmendu du Bizkaiko metalaren sektorean "ekoizpena gelditzeko" eta "kaleak urez betetzeko" sindikatuek duten helburua jarraipen “masiboa” izaten ari dela.
Iratxe Azkue LABeko Industria Federazioko ordezkariak uste du "Bizkaiko metalgintzako langileek lan-eskubideen alde borrokatzeko jarrera argia dutela eta, zentzu horretan, "gatazka hau noiz arte luzatzeko prest dagoen" galdetu dio Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari. Bestalde, CCOO Euskadiko Industria arduradun Unai Orbegozok Bizkaiko metalgintzako langileak zoriondu ditu "erakutsi duten borroka eta duintasun erakustaldi handiagatik".

 


Sindikatuetako ordezkari guztiek gogorarazi nahi izan dute “lan-baldintza duinen alde borroka egiten” jarraituko dutela, “inflazioaren ondorioz erosteko ahalmena galdu gabe soldatak mantentzeko, baldintzak berritzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea aldarrikatuz”. Hala, datorren astean beste bi greba egun daude deituta Bizkaiko metalgintzan, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean.