
ELAk eta UGTk hiru eguneko greba deitu du Ingeteam enpresaren Zamudioko (Bizkaia) lantegian. Gaur burutu dute lehen eguna, eta ELAk ohar bidez adierazi du “erantzuna masiboa” izan dela, eta “ia erabat” gelditu dutela plantako ekoizpena. Bihar eta etzi egingo dituzte beste bi greba egunak.
Enpresaren hitzarmen berria adostu nahian ari dira langileak eta enpresa zuzendaritza. Ingeteamen Zamudioko fabrikan 143 beharginek egiten dute lan, eta ELAk adierazi du datozen egunetan aurrerapenik ez badago, irailetik aurrera greba egun gehiago deituko dituela.
Sindikatuaren arabera, enpresarekin hainbat bilera egin ostean, langileek planteatutako gutxieneko eskakizunak onartzeari uko egin dio zuzendaritzak. Eskari nagusien artean, soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa eskatzen dute langileek. “Hori guztia Ingeteamek azken ekitaldietan irabazi errekorrak izan dituen testuinguru batean gertatzen ari da, eta horrek are ulergaitzago egiten du enpresaren jarrera, langileen baldintzak hobetzeko borondate eza erakutsi baitu”, salatu du sindikatuak.