Leire Mugerza: "Kooperazioan oinarritutako proiektu sendoak gauzatzeko ahalmena eduki dezagun"

Leire Mugerza Garate Eroskiko egoitza nagusian, Elorrion | Argazkia: Maite Reizabal Leire Mugerza Garate Eroskiko egoitza nagusian, Elorrion | Argazkia: Maite Reizabal

Moldatzeko gaitasuna ezinbestekotzat jo du Leire Mugerza Mondragon taldeko Batzorde Iraunkorreko presidenteak 2024ra begira. Moldatze hori etxe barruan ere etor liteke: Iñigo Ucinek Mondragoneko lehendakaritza utzi eta Pello Rodriguezek ordezkatuko duen urtea izango da datorrena.

Zein da zuentzat 2023ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?

Zailtasunez beteriko urtean, gure kooperatibek eta pertsonok eduki dugun moldatzeko gaitasuna izango litzateke niretzat 2023ko albistea. Gerrak, trantsizioak (digitala, ekologikoa eta sozioekonomikoa), teknologia berriak, talentua, demografia, inflazioa, ekonomiaren hazkunde txikia… Eta halere elkarrekin aurre egin diogu, eta ekitaldi ona burutuko dugu.

2024ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenuke, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?

Batetik, negozioetarako testuingurua lasaitzea. Eta bestetik, instituzioetan gure enpresa ereduak merezi duen “errekonozimendua” eta ordezkaritza izatea. Halaber, kooperazioan oinarritutako proiektu sendoak gauzatzeko ahalmena eduki dezagun, etorkizuneko jardueretan. Mondragon indartsu honek gizarte berdinago baten alde lanean jarrai dezan.

"Zailtasunez beteriko urtean, gure kooperatibek eta pertsonok eduki dugun moldatzeko gaitasuna izango litzateke niretzat 2023ko albistea"

Nola ikusten duzue 2024?

Nazioartean ziurgabetasunez beteriko testuinguruan, moldatzeko gaitasuna erakutsi beharko dugu. Halere, konfiantza handia daukat eta zalantzarik ez daukat egokituko garela.

Mondragoneko lehendakari aldaketa egingo du 2024an, Pello Rodriguezek Iñigo Ucin ordezkatuta. Nola planteatzen duzue trantsizio urte hori, zein pausorekin?

Abuztuaren 1etik aurrera izango da hori, eta lanean dihardugun prozesu natural baten ondorioa izango da. Uztailean, gainera, kongresua egingo dugu eta bertan onartuko dugu gure politika sozioenpresariala 2025-2028 epealdirako, dauzkagun erronken bide orria izango delarik. Ilusioz begiratzen diogu etorkizunari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK