• ENPRESAK GAUR
  • Lieder Automotive sortu du Fagor Ederlanek Duoli Technology talde txinatarrarekin lankidetzan

Lieder Automotive sortu du Fagor Ederlanek Duoli Technology talde txinatarrarekin lankidetzan

Automobilgintzako egiturazko osagaiez hornituko du Leapmotor Internationalen modelo berria, Zaragozan ekoitziko dena

Fagor Ederlanen eta Duoli Technologyren arteko hitzarmen sinadura | Argazkia: Mondragon Taldea
Fagor Ederlanen eta Duoli Technologyren arteko hitzarmen sinadura | Argazkia: Mondragon Taldea
2025eko abenduaren 16a - 15:28
Eg. 2025eko abenduaren 17a - 13:22

Fagor Ederlanek, Mondragon taldearen barruan dagoen Fagor Taldeko kooperatibak, lankidetza berria sinatu du Duoli Technology enpresa txinatarrarekin, enpresa berria sortu asmoz: Lieder Automotive. Hitzarmena izenpetu dute Jon Zuazo Fagor Ederlanen CEOak eta Jiang Jianqiang Duoli Technologyren CEOak.

 

Lieder Automotiveren egoitza Fagor Ederlanek Borjan (Zaragozan) duen ekoizpen lantegian kokatuko da, eta 170 lanpostu sortuko ditu. Liederren produktua automobilgintzako egiturazko osagaiak izango dira. Zehazki, body in white deritzon parteaz arduratuko dira, autoaren armazoia elkartzeaz, hain zuzen, Leapmotor Internacional auto ekoizleak egingo duen B10 izeneko modelo berrirako. Stellantis ——Renault, Nissan, Mitsubishi...— eta Leapmotor txinatarraren artean sortutako joint ventureak Figueruelasen (Zaragozan) duen lantegian ekoitziko du modelo hori, eta 2026ko abuztutik aurrera izango du Lieder Automotive hornitzaile. Hain zuzen ere, bi enpresetako ordezkariez gain, Ding Yongfei Leapmotorreko Kalitate zuzendari globala, Yang Yi Duoli Ederlan Kunshan aliantzako zuzendaria eta Eduardo Arilla Borjako alkateak ere parte hartu dute sinadura bileran, Mikel Uribeetxebarria Fagor Ederlan Taldeko lehendakariarekin, Jon Arano Aluminio Negozioko zuzendariarekin eta Ernesto Garcia Merkatu zuzendariarekin batera.

Proiektuak ahalbidetuko dio Fagor Ederlani automobilgintzako osagaien muntaketara itzultzea, 1998tik 2019ra bitartean martxan izandako negozio lerroa, Borjan bertan. Aldi berean, negozio lerro berri baterako ateak zabaltzeko aukera ere eskaintzen dio. Zuazok berak azpimarratutakoaren arabera, “bat dator Fagor Ederlanek berrikuntzan, balioa sortzean eta lankidetzan oinarrituta duen estrategiarekin”. Gainera, “bezero txinatarrengana gerturatzeko aukera ematen digu, eta elektrifikazioak eta iraunkortasunak markatutako sektorearen eraldaketara egokitzea bultzatzen du”, gaineratu zuen.

 

Duoli Technologyrekin duen lankidetzari dagokionez, bi konpainiek elkarlanean garatzen duten bigarren proiektua da Lieder Automotive, Kunshanen (Txinan) aluminioaren suspentsiorako osagaiak egiten dituen joint venturea baitute. Kooperatiba taldetik azpimarratu dutenez, akordioak "lankidetza etapa berri baten hasiera irudikatzen du". Hala, bi konpainiek euren presentzia globala bultzatzeko apustua da Lieder Automotive SL.