• ENPRESAK GAUR
  • LKS Nexten eskutik, Energy Solar Tech Europa osora hedatuko da

LKS Nexten eskutik, Energy Solar Tech Europa osora hedatuko da

Mondragon Korporazioko kidearen zeregina da konpainiek merkatu berrira salto egiteko estandarrak betetzen dituztela egiaztatzea

Alberto Hernández Poza eta Mariano Colmenar | Argazkia: LKS Next
Alberto Hernández Poza eta Mariano Colmenar | Argazkia: LKS Next
2025eko abenduaren 18a - 10:30

Mondragon Korporazioko kide den LKS Next Corporate aholkulari enpresak Energy Solar Tech konpainia lagundu du Euronext Growth Paris merkatuan sartzen. Hala, trantsizio energetikoaren sektoreko soluzio integralak egiten dituen enpresa gai izango da Europako bestelako inbertsoreengana iristeko eta nazioarteko merkatuan duen posizioa indartzeko.

 

Euronext Growth Paris burtsa-merkatuan sartzeaz gain, konpainiak aurreikusten du urtea amaitzerako inoiz baino irabazi gehiago izatea eta Ebitdari dagokionez errekorra egitea. Lehenengo seihilekoan lortutako zenbatekoak bereziki baikorrak izan ziren, 43,2 milioi euroko fakturazioa (+%97) izan baitzuen eta 4,1 milioi euroko (+%31) Ebitda lortu zuen.

Burtsa-merkatu berrira batzea “urrats erabakigarria” dela adierazi du Alberto Hernández Poza fundatzaile eta zuzendari exekutiboak, enpresa “konpainia teknologikoentzako Europako finantzaketaren erdigunean kokatzen” duelako.

 

LKS Next Corporateko Mariano Colmenar zuzendariak gaineratu du konpainia bat Euronext Growth Paris bezalako merkatu batera sartzeak ez duela soilik finantzaketa ematen, baizik eta ikusgarritasuna, autonomia eta sinesgarritasuna ere ematen diela inbertitzaileei. “Gure zeregina da konpainiek estandar horiek betetzen dituztela bermatzea eta prozesu osoan laguntzea”, azaldu du. Ez da Mondragon Korporazioko taldeak horrelako eragiketa bat egiten duen lehen aldia, are gehiago, abuztuan bertan Inmolecule Nanotech lagundu zuen Euronext Access Paris burtsan debutatzen.