Lointekek aire likidoaren bidez energia biltegiratzeko planta eraikiko du Highview konpainia britainiarrarentzat. Highview munduko liderra da energia biltegiratzeko eta malgutasunerako soluzioetan, eta Lointek arduratu da lantegi berriaren sistema termikoak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeaz.
Gaur egin dute plataren aurkezpena Urdulizen (Bizkaia), eta bertan izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua. “Horrelako proiektuek erakusten dute industria berritzailea, espezializatua eta erronka global handiei irtenbide teknologiko aurreratuak emateko gai garela”, adierazi du Etxanobek.
LAES (Liquid Air Energy Storage) teknologiari esker, energia berriztagarria denbora luzez metatu daiteke airea hoztuz, sareko energia berriztagarri soberakina erabiliz, tenperatura oso baxuetan likido bihurtu arte. Ondoren, aire likidoa gas-egoerara itzultzen da, eta energia sortzeko hedatzen da, energia-sistemak hala eskatzen duenean elektrizitatea sortzen duen turbina bati eraginez.
LAES teknologia aitzindaria da, gaitasun industrial sendoak eta muturreko hozte-sistemetan eta aire likidoaren biltegiratzean esperientzia duten mundu osoko konpainia gutxik garatu baitute. Bada, teknologia hori landu du Lointekek.
Highviewren instalazioak 300 MWhko biltegiratze ahalmena eta 50 MWeko potentzia izango du. 2027an hasiko dira lanean, eta azpiegiturak 50 urtetik gorako balio-bizitza izango du.
“Bereziki adierazgarria da horrelako proiektu batean parte hartzea, bai alde teknologikoagatik, bai etorkizunean energia-metaketak eta energia berriztagarrien integrazioak izango duen eraginagatik”, adierazi dute Serafín eta Javier Loroño Lointekeko zuzendari nagusiek.