
Big Dataren garaian, nekazaritza sektoreak iraultza teknologikoa izan du Gauzen Interneta (IoT) eta datuak monitorizatzeko sistemen aplikazioari esker. Eraldaketa horren buru den enpresetako bat Loraontech arabarra da. Teknologiarekiko grina, eta jasangarritasunarekiko eta nekazaritza-baliabideen optimizazioarekiko konpromisoa uztartzen dituen proiektua da.
Enpresa 2023ko uztailean sortu zuten Asier eta Rubén de Celis Hernández anaiek. Bere esperientzia profesionaletik eta gizartea hobetzeko aplikatzeko desiotik eratu zuten proiektua. "Teknologia asko gustatu izan zaigu beti, eta nekazaritzan erabiltzeko aukera asko egon ahal zirela ikusi genuen. Sektoreak eguneraketa pixka bat behar du eta horrek iraultza ekarri dezake", azaldu du Asier de Célis Hernándezez, enpresako CEOak. Gaur egun lau dira taldeko kideak: bi anaia fundatzaileak, Adrián de Celis Osés —ereduak eta softwarea garatzeaz arduratzen dena— eta Dasha Grigoreva —Marketin arduraduna—.
Asier de Célis Hernández: "Teknologia asko gustatu izan zaigu beti, eta nekazaritzan erabiltzeko aukera asko egon ahal zirela ikusi genuen. Sektoreak eguneraketa pixka bat behar du eta horrek iraultza ekarri dezake"
Ekimena duela hiru urte baino gehiago sortu zen, De Celis Hernandez anaiak Gasteiztik gertu dagoen lursail batean sentsoreekin probak egiten hasi zirenean. Askotariko neurketa eta komunikazio motekin esperimentatu ondoren, LoRaWAN teknologiaren gaitasunak egiaztatu zituzten. Teknologia hori irrati-frekuentzia bidezko komunikazio-modu berritzaile bat da, energia kontsumo txikiagatik eta estaldura-erradio zabalagatik nabarmentzen dena. "Telefono mugikor batek egun batean bateria agortzen duen bitartean, gure sentsoreek hiru eta bost urte bitartean iraun dezakete LoRaWAN teknologiaren erabilerari esker", esan du enpresako CEOak.
Teknologia lurzoruaren zerbitzura
Loraontechen ikuspegi nagusia zehaztasunezko nekazaritza da. Bere sistemak funtsezko hiru faktore neurtzen ditu: lurzorua, giroa eta hostoa, landarearen eta bere ingurunearen arteko elkarrekintza ezagutzeko aukera ematen duena. "Hezetasuna, lurzoruaren pH-a, giro-tenperatura edo landareak jasotzen duen argi kantitatea bezalako parametroak monitorizatzen ditugu". Horri esker, laborantzan beharrezkoak diren baliabide hidrikoak eta energetikoak espezifikoki egokitu daitezke, eta, ondorioz, uraren eta mantenugaien erabilera optimizatu daiteke. Datu horiek sentsoreek biltzen dituzte eta Loraontechera iristen dira. Ondoren, datuak prestatu eta ingeniari agronomoei helarazten dizkie. Azken horiek datuak interpretatzeaz eta nekazariei helarazteaz arduratzen dira, tratamendua nekazaritza-lanei egokitzeko.
Adierazi dutenez, Arabako nekazariek modu positiboan onartu dute nekazaritza modernizatzeko ideia. Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza-Zentsuaren arabera, ustiategiko buruek 55 urte dituzte batez beste, eta %54k ikasketa espezifikorik gabeko esperientzia baino ez dute nekazaritzan.
Loraontechen sistemak funtsezko hiru faktore neurtzen ditu: lurzorua, giroa eta hostoa, landarearen eta bere ingurunearen arteko elkarrekintza ezagutzeko aukera ematen duena
Enpresak prototipoak ezarri ditu olibondo zelaietan 一210 hektarea olibondo daude Araban, 2020ko Nekazaritza-Zentsuaren arabera一. Gutxieneko produktu bideragarria lortu ondoren, orain bezero berriekin probatzen ari dira ad hoc produktuak sortuta. Hurrengo erronka bere teknologia patata eta mahats laborantzara egokitzea da, ondoren, 2025 urtean zehar merkataritza hedapenari ekiteko.
Nekazaritza modernizatzeko Araba lurralde ezin hobea da; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Baso-Maparen datuen arabera, probintziak 83.568 hektarea nekazaritza-lur ditu, horietatik 30.000 Arabako Lautadan eta ia 20.000 Arabako Errioxan.
Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Baso-Maparen datuen arabera, probintziak 83.568 hektarea nekazaritza-lur ditu, horietatik 30.000 Arabako Lautadan eta ia 20.000 Arabako Errioxan
Lehen proba horiek olibondo batean egin badituzte ere, enpresak laster ezarriko du bere teknologia patata ustiapenetan. Esanguratsua da patata Arabako zortzigarren produktu ugariena dela Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Estatistika Organoaren 2023ko datuen arabera. Beraz, logikoa dirudi beraien produktua probintziaren hegoaldera eramateko interesa aipatzea CEOak, han baitago Arabako bigarren produktu landuen: mahatsa.
Teknologiaren demokratizazioarekiko konpromisoa
Loraontechen motibazio handienetako bat da teknologia eskuragarria izatea, nekazarientzako prezio merkeekin. Jakin badakite Espainiako eta nazioarteko lehiakideek antzeko produktuak eskaintzen dituztela, baina askoz ere garestiagoak. Horregatik, teknologia lehiakorragoa sortzea eta eskaintzea bilatu zuten. "Nekazariek kostuak aurreztu eta produktibitatea handitu dezakete, kudeaketa zehatzago eta eraginkorrago bati esker", dio Asier de Célis Hernándezek. Ikuspegi hori bat dator enpresaren filosofiarekin, Sozietate Mugatua izatetik Lan-Sozietate Mugatua bihurtzea erabaki baitzuten, eredu parte-hartzailea eta iraunkorra sustatzeko.
Merkatuan eskuragarri dauden sentsoreak integratzeaz gain, bere gailuak ere garatzen ditu. Gailu horiek bezeroaren beharretara egokituta daude eta horiek kudeatzen dituen softwarea sortu du. "Soluzio integral bat eskaintzen dugu, antenen instalaziotik hasi eta txosten zehatzen bidez datuak interpretatzeraino", argitu du CEOak. Era berean, enpresa oso kontzientziatuta dago lursail bakoitzetik lortzen diren datuak kontrolatzearen garrantziarekin. Ondorioz, datuak biltegiratzeko berezko sistema bat garatzen ari dira, informazioaren segurtasuna eta subiranotasuna bermatzeko. "Datuak sortzen diren tokian geratzea nahi dugu, kanpoko zerbitzarien menpe egon gabe", azpimarratu du.
Asier de Célis Hernández: "Datuak sortzen diren tokian geratzea nahi dugu, kanpoko zerbitzarien menpe egon gabe"
Horrek guztiak, gainera, iraunkortasunarekiko konpromisoa dakar, eta hori funtsezko zutabea da Loraontechentzat. Hasteko, enpresak eguzki-energia erabiltzearen eta instalazioetan hondakinak murriztearen aldeko apustua egin du. Horri gehitu behar zaio nekazaritza adimendunak lurzoruen degradazioa arintzen lagunduko duela praktika ez-jasangarriak alboratuz. Esaterako, beharrezkoak ez diren ongarri eta pestizidetan dirua aurreztuko dute nekazariek. Gehiegizko ureztatzeari ere aurre egingo zaio, ura alferrik ez galtzeko. Hori guztia oso esanguratsua da bizi dugun klima-aldaketaren testuinguruan eta, orokorrean, lurrak jasaten dituen arriskuak txikiagotuko dituzte.
Eragin globala duen berrikuntza
Elektronika enpresekin eta software espezialistekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da gero eta konponbide berritzaileagoak garatzen jarraitzeko. Eta berrikuntza hori, hain zuzen ere, herrialde pobretuetara eraman ahal izango da, non nekazaritza funtsezko motor ekonomikoa den. Teknologian inbertsio handirik egin ezin duten gizarteen garapenari laguntzeko bidea dago.
Egungo lehentasuna zehaztasuneko nekazaritzarako irtenbidea hobetzea bada ere, Loraontechek aplikazio-eremu berriak identifikatu ditu, hala nola hiri adimendunen kudeaketa eta mugikortasun iraunkorreko proiektuak
Egungo lehentasuna zehaztasuneko nekazaritzarako irtenbidea hobetzea bada ere, Loraontechek aplikazio-eremu berriak identifikatu ditu, hala nola hiri adimendunen kudeaketa eta mugikortasun iraunkorreko proiektuak. Hiri eraginkorragoak eraikitzeko proposatu dituzten ideien artean daude hondakin ontzien betetzea kontrolatzen dituzten sentsoreak (hondakinen bilketaren antolaketa hobetzeko) edo bizikletentzako segurtasun-sistemak. Proiektu horiek LoRaWAN teknologiaren moldaerraztasuna eta gure egunerokotasuna eraldatzeko duen ahalmena islatzen dute.
Talentua erakarri beharra
Etorkizunari begira, Loraontechek bere taldea handitzeko asmoa du, eta, horretarako, ezinbesteko ikusten du unibertsitateekin hitzarmenak egitea, gazteen talentua erakartzeko eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko. Enpresaren bi CEOak, Asier eta Rubén de Celis Hernández, Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatuak dira eta euskal erakunde horrekin loturak sortzea beharrezkoa dela uste dute. Are gehiago, 2024an Arabako Campuseko INIZIA ekintzailetza programaren Saria irabazi zuten. Arabarren proiektuak Emprende UNEDeko Capital Semilla lehen saria ere irabazi zuen bere X. deialdian.
Halaber, nabarmendu dute enpresa martxan jartzeko hainbat erakunde publikoren laguntzak izan zituztela eta oso eskertuta daudela. Spri Taldearen Ekintzaile laguntzak, Arabako Foru Aldundiarenak ーBIC Araba tarteanー, Arabako Merkataritza Ganbera eta Vital Fundazioa ere aipatu dituzte, besteak beste.
Asier de Célis Hernandez: "Ez dugu nekazariaren ezagutza ordezkatu nahi, sustatu eta eraginkorragoa egin nahi dugu"
Loraontechek ez du teknologia bakarrik eskaintzen, nekazariei datu zehatz eta eguneratuetan oinarritutako erabakiak hartzeko aukera ematen dien tresna bat baizik. "Ez dugu nekazariaren ezagutza ordezkatu nahi, sustatu eta eraginkorragoa egin nahi dugu", nabarmendu dute. Nekazaritza sektorearen iraunkortasuna bermatzeko eraldaketa digitala ezinbestekoa den testuinguru honetan, Loraontech berrikuntzaren eta konpromisoaren erreferente da Arabatik mundurako bidean.