• ENPRESAK GAUR
  • Lurautoko langileek mobilizazioak areagotu dituzte bi hilabeteko soldatak kobratu gabe egonda

Lurautoko langileek mobilizazioak areagotu dituzte bi hilabeteko soldatak kobratu gabe egonda

Oiartzun, Leioa eta Noaingo BMW eta Mini saltokietako langileek enpresaren kudeaketa txarra eta etorkizun iluna salatu dituzte

Argazkia: LAB sindikatua
Argazkia: LAB sindikatua
2025eko urriaren 10a - 09:29

Asteak daramatzate protestan Lurautoko langileek, bai Oiartzunen, bai Leioan, baita Noainen ere. Enpresak bi hilabeteko soldatak zor dizkietela salatu dute, eta igandean elkarretaratze bateratua egingo dute Hondarribian. Lurautok BMW eta Mini marken kontzesionarioak kudeatzen ditu, eta ehun langiletik gora ari dira mobilizatzen.

 

Langileek LAB eta ELA sindikatuen bidez jakinarazi dute hilabeteak daramatzatela soldatak berandu eta zatika jasotzen. Gainera, ez zaie aplikatu Gipuzkoako metalaren hitzarmenean aurreikusitako soldata-igoera. “Nomina guztiak berehala ordaindu eta kudeaketa aldatu behar du zuzendaritzak, proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko”, eskatu du LABek. Egoera bera bizi dute Lurautoren Nafarroako eta Bizkaiko plantetan, eta guztira ehun langile inguruk pairatzen dute ziurgabetasuna.

Langileen ordezkariek enpresaren kudeaketa “txartzat” eta arduragabetzat” jo dute. Aritz Matias LABeko kideak azaldu zuenez, “jabeak bezeroen diruarekin jokatzeak eta inbertsio okerrek” hondamendira eraman dute Lurauto. Noaingo tailerrean, Oscar Alkat ELAko ordezkariak adierazi zuen autoak ordainduta egon arren ez dituztela entregatu edo konpondu, enpresak “pieza berriak erosteko dirurik ez duelako”.

 

Gainera, sindikatuek ohartarazi dute Lurautok 20 milioi eurotik gorako zorra duela, eta Geroa pentsio-funtsari 3,4 milioi euro zor dizkiola. Lurauto BMW markaren kontzesionario ofiziala da, eta iturri sindikalen arabera, bi enpresen arteko harremanak egoera are gehiago korapilatu du: BMWk ez du zuzenean esku hartu nahi izan, eta, bitartean, kontzesioa beste jabe bati saltzeko negoziazioak abian dira.

Egoerak bere horretan jarraitzen badu, langileek ez dute baztertzen mobilizazioak gogortzea eta grebara deitzea. “Gatazka hau ez da soilik soldata kontua”, esan du Alkatek, “lanpostuak eta zerbitzu publiko baten jarraipena daude jokoan”.