
Nazioartean aurki daitekeen luxuzko belaontzi handienaren eraikuntzan parte hartuko duela jakinarazi du gaur Ingeteam taldeak. Chantiers de l´Atlantique ontziola frantziarrak Orient Express Silenseas izeneko bi itsasontziren sistema elektrikoa egiteko hautatu du Zamudioko konpainia. Orient Express trenaren pareko ontzia egitea du helburu Frantziako ontziolak, eta nabigazio “ekologikoago eta jasangarriago” bat sustatu nahi dute, itsas teknologiaren azkeneko berritasunak erabiliz. Besteak beste, SolidSail izeneko teknologia izango dute ontziko belek, eta 1.500 metroko azalera duten hiru bela zurrun eraikiko dituzte.
Accor, turismo sektoreko enpresa talde frantziarra da eraikiko diren ontzi hauen jabeak, eta Chantiers de l’Atlantique ontziolan bertan egingo dituzte, Saint-Nazaire herrian, Nantesetik gertu. Hala, Ingeteamek bost motor eta beste bost bihurgailu hornituko ditu ontzien propultsio sistemarako, eta taldeak Euskal Herrian dituen lantegietan fabrikatuko ditu osagaiak.
Orient Express Silenseas munduko belaontzi handiena izango dela azaldu du Zamudioko enpresak, eta luxuzko kruzeroetan erreferentziazko itsasontzia izan nahi du ingurumenari dagokionez. Lehen bidaia 2026ean egitea espero dute.