Leaburun (Tolosaldea, Gipuzkoa) kokatutako baserria da Mahala. 1996an hasi zen esnekiak eraldatzen, garai horretako irizpide instituzionaletik alde eginez. “Oinarria familian dugu, eta badugu langile talde bat ere, askotariko lanak egiteko”, adierazi du Jokin Arrospidek, Mahalako arduradunak.
Hastapenak ez ziren errazak izan. “Esan beharra daukat gure hasierako inbertsioak laguntzarik gabe eginak zirela, instituzioek beste lehentasunak baitzituzten, industrializazioa alegia”, kontatu du Arrospidek. Arrospidek dioenez, aldiz, hausnarketa egin ostean, aurrekoek egindakoari segida eman nahi zioten, logika eta modu koherentea erabiliz, baina euren irizpideekin.
30 urte beranduago, sortutako oinarri berdinak mantentzen dituzte: baserritar bezala duintasunez bizitzea, eta ekarpenak egitea gizarteari, bereziki elikadura osasuntsua eskainiz eta natura zainduz. "Dirulaguntzekin ere gauzak errazagoak dira; izan ere, konturatu dira Mahalaren eredua dela babestu beharrekoa".

Mahala produktuen elaborazio prozesua
“Kontuan hartu behar da esnearen patrimoniorik hoberena dela freskotasuna”, esan du Arrospidek. Hori dela eta, elaborazio prozesuak egunean-egunean lantzen da. Horrela ikusten da zer saldu edo nola elaboratu jogurtak, gaztak, postreak, izozkiak, etab.
Mahalaren produktuak egiteko prozesua integrazio bertikaleko eredu batean oinarritzen da, hau da, enpresak ia ekoizpen-kate osoa kontrolatzen du, ganadua hazten denetik azken produktua banatzen den arte. Eredu horrek aukera ematen die trazabilitatea bermatzeko eta kalitate estandar konstante bat mantentzeko.
Jokin Arrospide: “Kontuan hartu behar da esnearen patrimoniorik hoberena dela freskotasuna”
Lana beraz baserriko eta inguruko larreetan behiak haztearekin hasten da. Esnea egunero jetzi eta pasteurizatzen dute, nutrizio propietateei eusteko. Ondoren, hartzigarri laktikoa gehitzen da eta, produktuaren arabera, beste osagai natural batzuk, hala nola esnegaina, fruta, arroza, arrautzak edo esne-seruma. Hartzidura kontu handiz kontrolatzen da, eta une egokian gelditzen da jogurtak lortzeko, artisau-ehundura eta azidotasun leuna erabilita. Hartara, ez dute behar kontserbagarririk eta gehigarri artifizialik gehitzea.
Gauzak hala, produktuak banatzeko sistema propioa dute, eta, horri esker, eguneko esnea berehala iristen da saltokietara. Gainera, Mahalak baliabideak modu zirkularrean aprobetxatzen ditu: gaztak egiteko soberako seruma baserrian hazten dituzten txerriak elikatzeko erabiltzen da, eta, horrela, ekoizpen iraunkorreko eta lehengaien aprobetxamendu integraleko eredua indartzen dute.
Gauzak egiteko era mantentzea denboran
Mahalaren balio erantsia da gauzak egiteko era mantentzea denboran. “Diru soberakin pixka bat dugunean hari gara zerbait sortzen, denda txiki bat, euskara babesten, gure kultura babesten…”, esan du Arrospidek. Hori bai, txikitasunari mantentzen lagunduz.
Hala ere, irautea dute erronka nagusietako bat, Arrospideren ikuspegitik ez baita batere erraza egun dagoen presioa gainditzea aldiro. Hala ere, beste erronka bat ere izango dute mahai gainean euren bizitza laborala amaitzen denenan: errelebo berria era egoki batean txertatzea.

Mahalaren erronkak bat datoz sektoreak bizi duen egoerarekin. Aipatzekoa da hasieran Euskal Herria lan eremu izan nahi bazuten ere, euskararen alde eginiko apustuak Nafarroan kalte egin ziela eta produktuak erretiratu ere egin zizkietela euskara hutsean izateagatik. Une honetan, beraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira euren merkatuak.
Elikagaien industria EAEko industria-sektore garrantzitsuenetako bat da, eta kalitatearen, berrikuntzaren eta hurbileko produktuen alde egindako apustua da ezaugarri nagusi. Multinazional handien eta marka zurien lehiaren aurrean, euskal enpresa askok tokiko jatorriaren, trazabilitatearen, iraunkortasunaren eta balio erantsi handiagoko produktuen elaborazioaren bidez bereiztea erabaki dute.
Jokin Arrospide: “Diru soberakin pixka bat dugunean hari gara zerbait sortzen, denda txiki bat, euskara babesten, gure kultura babesten…"
Hala ere, sektoreak ere erronka handiak ditu. “Sektorearen egoera tamalgarria da; gaur egun dena, aurreikusita zegoen, duela 40 urte hartutako erabakien ondorioa baita”, aldarrikatu du Arrospidek. Ekoizpen kostuen igoerak, banaketan prezioen presioak eta lehen sektoreko belaunaldien erreleboak kinka larrian jarri dute ustiategi eta enpresa txiki askoren bideragarritasuna. Testuinguru horretan, Mahala bezalako markak ekoizpen propioan, lurraldearekiko sustraitzean eta kalitatean oinarritutako eredua dira, tokiko eta konfiantzazko elikagaiak lehenesten dituzten kontsumitzaileen eskaera gero eta handiagoari erantzuten dion estrategia.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta