Gernikatik munduko automobil fabrikatzaile handienetara iristen dira Maierrek ekoitzitako piezak. Automobilgintzarako osagai estetiko eta funtzionalen diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako kooperatiba da, eta nazioarteko presentzia zabala izan arren, Euskal Herrian ditu sustraiak. Mondragon Korporazioko kidea den enpresak berrikuntza industriala eta lurraldearekiko konpromisoa uztartzen ditu, eta azken horren adierazle da euskararen alde egindako apustua.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hizkuntzen kudeaketa, urteetako ibilbide estrategikoa
Maierren hizkuntzen kudeaketa ez da azken urteetako kezka bat, ia hiru hamarkadako ibilbidearen emaitza baizik. 1998an abiatu zuten lehenengo prozesua, eta 2006an euskararen hizkuntza politika orokorra onartu zuten. Egun, berriz, politika hori eguneratzeko lanetan ari dira, gaur egungo erronkei erantzuteko.
Helburu nagusia argia da: euskara Maierren eguneroko lan hizkuntza bihurtzea, bereziki barne harremanetan. Izan ere, automobilgintzaren nazioarteko izaerak zaildu egiten du kanpo harremanetan euskara erabiltzea, bezero gehienak Euskal Herritik kanpoko multinazionalak baitira. Horregatik, ahalegina batez ere barne harremanetan jartzen dute: dokumentazioan, errotulazioan, araudietan, komunikazio ofizialean eta eguneroko lanean.
Koldo Kortabitarte: "Gure helburua eguneroko ahozko harremanetan ere euskarak presentzia handiagoa izatea da"
"Gure helburua euskararen normalizazioa da, batez ere Maierren barruan, gure harremanetan. Kanpoan mugak ditugu, baina barruan euskarak Maierren babesa izatea nahi dugu, eta enpresa euskaldun eta euskara sustatzen duenaren irudia sendotu", azaldu du Koldo Kortabitarte Maierreko presidenteak.
Horretarako, hizkuntza politika lau ardatzen inguruan antolatzen dute: komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta kudeaketa. Azken ardatz horretan, bereziki, pertsonak eta baliabideak hizkuntza kudeaketan txertatzeko lana egiten dute.
Euskara, estrategia korporatiboaren parte
Maierren ikuspegian, euskara ez da soilik hizkuntza politika bat; estrategia korporatiboaren barruan kokatzen den elementua da. Enpresaren hausnarketa estrategikoak bi esparru nagusi ditu: negozioari lotutako estrategia eta estrategia korporatiboa. Azken horren baitan dago eraldaketa soziala, eta atal horren barruan txertatzen da euskara.
Urtero hizkuntza kudeaketa plana egiten dute, eta euskara batzordea hilero elkartzen da ekintzen jarraipena egiteko. Hala ere, datozen urteetara begira urrats berri bat aztertzen ari dira: euskarari ikusgarritasun handiagoa ematea estrategiaren barruan.
"Une honetan aztertzen ari gara ea euskarak eraldaketa sozialaren esparruan jarraituko duen edo estrategia korporatiboan atal propioa izango duen. Edukia ez da aldatuko, baina euskarari ikusgarritasun handiagoa eman nahi diogu”, azaldu du Kortabitartek. Horrek erakusten du Maierrentzat euskara ez dela kudeaketa osagarri bat, estrategia korporatiboaren parte baizik.
Aurrerapen nabarmenak, baina erronka berriak ere bai
Maierren ustez, azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira, nahiz eta egiteko bidea oraindik luzea den. Langile berriak kontratatzeko ezarritako hizkuntza irizpideek fruituak eman dituzte, eta gaur egun kontratazioen %90etik gora ezarritako gutxieneko euskara baldintzak betetzen dituzten pertsonekin egiten dira.
"Idatzi ofizial gehienak elebidunak dira, eta gure batzar nagusia %95ean edo %100ean euskaraz egiten da, itzultzailerik gabe", azaldu du Kortabitartek. Azken urteotako bilakaeraren erakusgarri dira datu horiek: idatzizko komunikazio ofiziala ia erabat elebiduna da gaur egun, eta 600 bazkide inguru biltzen dituen batzar nagusia euskaraz egiten da, itzultzailerik gabe.
Hala ere, ahozko erabileran dago erronka nagusia. Azken diagnostikoaren arabera, barneko ahozko harreman informalen %40 inguru egiten dira euskaraz. "Oso ondo gaude, baina guk gehiago nahi dugu. Gure helburua eguneroko ahozko harremanetan ere euskarak presentzia handiagoa izatea da", dio presidenteak. Horretarako, hizkuntza politika berrikusten ari dira, eta datozen kudeaketa planetan ahozko erabilera sustatzeko neurri berriak txertatuko dituzte.

Indeus, elkarlanaren bidez industria euskalduntzeko tresna
Euskararen normalizazioa ez dute bakarrik lantzen. Horretarako, Maier Indeus elkarteko kide ere bada. Industria arloko enpresak biltzen dituen plataforma horren helburua euskararen erabilera sustatzea da, esperientziak partekatuz eta elkarrengandik ikasiz.
Kortabitarteren ustez, ia ezinbestekoa da industria enpresa euskaldun bat bertan egotea: "Industria mailan euskara sustatzeko plataforma oso garrantzitsua da. Beste enpresa askorekin elkartzeko aukera ematen digu, eta egiten den lana oso lagungarria da guretzat”.
Eguneroko lanak beti errazten ez badu ere, Maierren ahalegina egiten dute jardunaldi bakoitzean gutxienez ordezkari batek parte har dezan. Gainera, plataformaren bidez administrazioak eta enpresek elkarlanean egiten duten lana bereziki baliotsutzat jotzen dute, industriaren beharrei erantzuteko eta euskararen normalizazioan urrats berriak emateko.
Etorkizuneko helburua: euskara, eguneroko lan hizkuntza
Datozen urteetara begira, Maierren helburua ez da dokumentazioa elebiduna izatea edo hizkuntza politika eguneratzea soilik. Asmo nagusia euskara enpresaren eguneroko lan hizkuntza izatea da, bereziki ahozko harremanetan.
Horretarako, lehentasunetako bat da langile guztiek gutxienez euskara ulertzea; horrekin batera, belaunaldi berrien hizkuntza gaitasuna baliatu eta lanerako tresna digital gehiago euskaraz izatea ere badute xede.
"Etorkizunean langile gehiago beharko ditugu, eta etorkin gehiago etorriko dira. Erronka izango da pertsona horiek euskarara hurbiltzea, ez inposaketaren bidez, borondatez baizik"
Kortabitartek, ordea, enpresatik harago doan erronka bat ere mahai gainean jarri du: "Etorkizunean langile gehiago beharko ditugu, eta etorkin gehiago etorriko dira. Erronka izango da pertsona horiek euskarara hurbiltzea, ez inposaketaren bidez, borondatez baizik, denok euskaraz bizitzen eta lan egiten jarraitu ahal izateko."
Maierrek argi du euskararen etorkizuna ez dela enpresa bakar baten esku egongo. Hala ere, bere egitekoa ere argi du: eguneroko lanean euskararen erabilera normalizatzea eta industria munduan hizkuntzaren presentzia indartzen laguntzea. Izan ere, Kortabitarteren hitzetan, "gure artean euskarazko harremanak hurbilagoak dira, eta gauzak erraztu egiten dira euskaraz egiten badugu berba."
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta