Novia Salcedo fundazioaren patronatuak Maite Aranzabal Harreguy ekonomialaria izendatu du presidente eta horrela kargu hau izango duen lehen emakumea bihurtu da. Ohar baten bidez, gazteen enplegua sustatu eta kudeatzen duen Bilboko erakundeak jakinarazi du Aranzabalek Luis Cañadaren lekukoa hartuko duela. Gaur-gaurkoz, Aranzabal erakundeko presidenteordea zen, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo Icade unibertsitatean. Halaber, Wharton Business Schooleko enpresa administrazioko masterra du.
Ibilbide profesionalari dagokionez, Mckinseyn eta Goldman Sachsen aritu da estrategia-aholkularitzan, eta Cortefiel taldeko, Springfieldeko eta KA Internacionaleko zuzendaritzan egon da. Era berean, Women Corporate Director, ICA eta International Women Forum erakundeetako kidea da.
Gauzak horrela, Novia Salcedoren zuzendaritza-organo berria sei emakumek eta bost gizonek osatuko dute. Maite Aranzabal presidentea izateaz gain, Ana Andueza lehendakariordea izango da eta Victor Viguri diruzaina. Fundazioaren bokalak honako hauek izango dira: Ane Agirre, Luis Cañada, Aletxu Echevarria, Manuel Escudero, Eva Ferreira, María García Nielsen, Javier Ormazabal eta Krista Walochik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta