Makina bat makina

Artezteko makinak, fresatzekoak, mekanizazioko eta inbentario digitalerako soluzioak... Biurtekoa martxan da, eta askotariko produktuak eta zerbitzuak topa daitezke bertan

Pedro Galarraga Correako erosketako arduraduna, euren soluzioetako bat aurkezten | Argazkia: Maite Reizabal Pedro Galarraga Correako erosketako arduraduna, euren soluzioetako bat aurkezten | Argazkia: Maite Reizabal

BECek tendentzien pasarela erraldoia dirudi egun hauetan. Erakustazokan, ordea, modeloak ez dira pertsonak, makinak baizik, eta fabrikazio aurreratuko enpresen azken produktu eta teknologien erakusle dira. Hitzordua ez da gutxiagorako: lau urteko etenaldiaren ostean, BIEMH makina-erremintaren biurtekoak ateak zabaldu ditu. Eta horrekin batera iritsi da bezero eta hornitzaileak berriro ere aurrez aurre elkartzeko unea. Lehenengo eguna lasaienetarikoa izaten omen da, enpresa guztiek esandakoaren arabera. Gaurtik ostiralera, ordea, geroz eta mugimendu gehiago izatea espero da.

Lehenengo pabilioira jaitsita, topatzen den lehenengotariko erakustokia da GERmhrena. Egoitza Itziarren (Gipuzkoan) du aurten 80 urte beteko dituen enpresa honek, eta artezteko makinak egiten dituzte. Ander Sesma da bertako zuzendari komertziala. "Material gogorrentzako artezteko makinak egiten ditugu, eta barruan, zorrozteko, hortza izan beharrean, harria dute", kontatu du. Feriara hiru mota ekarri dituzte, Sesmak azaldu duenez: bata, bertikala, batez ere pisu handiko pieza zilindrikoentzat; bestea, horizontala, pieza zilindriko txikiagoentzat; azkena, artezteko makina tangentziala, plano lauetarako.

Ander Sesma: "Hona, azokara, batez ere Espainiako bezeroak datoz. Ixten den salmenta kopurua txikia da, baina makina erosi duten asko etortzen dira, eta enpresa bisitatzeko aprobetxatzen dugu"

Iraupen luzeko makinak dira. "40 urte iraun dezakete", azaldu du zuzendari komertzialak. Horregatik, makinak egin eta saltzeaz ez ezik, mantenuaz ere arduratzen dira tokian-tokian. Batez ere tailer txikiak eta ertainak dira euren bezeroak, "bezero unibertsalak", eta Espainiako merkatuan saltzen dute % 25 inguru, baina badituzte bezeroak Finlandian, Alemanian, Indian... "Hona, azokara, batez ere Espainiako bezeroak datoz. Ixten den salmenta kopurua txikia da, baina makina erosi duten asko etortzen dira, eta enpresa bisitatzeko aprobetxatzen dugu", adierazi du Sesmak. Euren irudiarentzat garrantzitsua da bertan izatea, alegia. Eta Biurtekoaren hasiera-hasieratik daramate feriara etortzen.

Fresatzeko makinak

GERmhren parean, lehenengo pabilioiko erakustokirik handienetakoa izango du Correak, azokaren lehen edizioetatik Biurtekoan parte hartu duen beste enpresa horietako bat. Eibarren sortu zen 1947an, baina 1960ko hamarkadan Burgosera aldatu zuen egoitza, Francok industria zabaldu eta Burgos polo industrial bihurtzeko eginiko apustuaren testuinguruan. Egun 350 langile inguru ditu, eta produktuaren % 98 inguru esportatzen dute. "Txina da herrialde nagusia, baina Alemaniara, Italiara, Frantziara eta abarrera ere esportatzen dugu", esan du Pedro Galarraga enpresako erosketako arduradun euskaldunak.

Fresatzeko makinak egiten dituzte Correan. "Gure bezeroen erdia azpikontratazioko tailerrak dira, orain automobilgintzarako lan egin dezaketeenak, baina aurrerago beste bezero batentzat. Horiek makina malguak behar dituzte, sektore desberdinetara egokitu daitezkeenak", dio. Beste erdiak, ordea, produktu propioa du. "Horietan makina espezifikoak behar dituzte", gaineratu du. Egungo digitalizazioari esker, softwareak ahalbidetzen du zenbait arazo distantziatik konpontzea edo bezeroak jakitea zein programa eta pieza ari den lanean momentu jakin batean. Zenbaitetan, berriz, diagnostikoa aurrez aurre egiteko beharra dago.

Correak Fabrikazio Aurreratu eta Digitaleko Teknologien Berrikuntzaren saria irabazi zuen 2018ko edizioan, makina-erremintako osagaien atalean, eta aurtengo edizioan beste garaikur bat jaso dezake

Correak Fabrikazio Aurreratu eta Digitaleko Teknologien Berrikuntzaren Espainiako saria irabazi zuen 2018ko edizioan, makina-erremintako osagaien atalean, eta aurtengo edizioan beste garaikur bat jaso dezake atal berean, mandrinatzeko makina bati esker, patentea dena. "Nolabait esateko, makinatik kanpora ateratzen da, eta beste pieza bat da. Hortan datza berrikuntza, ia-ia beste fresaburu bat balitz bezala baita", azaldu du.

Laudioko mekanizatua

Arestian aipatutako bi erakustokiak handiak izanda ere, badira stand txikiagoetan kokatutako enpresak ere, lehenengo aldiz Biurtekora etorri direnak. Horietako bat da Amets, Laudion (Araban) kokaturiko 43 urteko enpresa familiarra, 1979an sortua. "Hogeita bost bat langile inguru gara, eta mekanizazio tailerra da, 1.700 m2ko instalazioekin", adierazi du Sheila Gallego Ametseko kalitate arduradunak.

Azoken munduan "denbora gutxi" daramate, baina iaz azpikontratazioen azokan izan ziren. "Gure helburua da hemen presentzia izatea, irudi kontuagatik", dio. "Industria 4.0 munduan sartuta gaude, makina berri eta potenteak ditugu, digitalizazioan ere aurrerapauso asko eman ditugu, baina gure zerbitzua mekanizazioa da, orokorrean, eta hori ekarri dugu feriara", azpimarratu du. Zentzu horretan, edozein motatako pieza mekanizatzen dutela azaldu du. "Pieza konplexuetan, baina bezeroak behar duena mekanizatzen dugu, plano bidez", gaineratu du.

Sheila Gallego: "Industria 4.0 munduan sartuta gaude, digitalizazioan ere aurrerapauso asko eman ditugu, baina gure zerbitzua mekanizazioa da, orokorrean, eta hori ekarri dugu feriara"

Euren bezeroen gehiengoa Euskadi mailakoa da, eta askotariko sektoreetarako egiten dute lan: "Siderurgian asko aritzen gara, baina erregai, automobilgintza, I+G eta abarreko bezeroak ere ditugu. Tecnalia, ABB eta General Motors, adibidez, gure bezeroak dira".

Hastapenetan

Esperientzia handiko enpresez gain, start-upak topa daitezke, Addvance Manufacturing Technologies madrildarra, kasu. Elvira Leon zuzendari orokorrak azaldu duenez, "modu deslokalizatuan eta eskaintzea eskariaren arabera fabrikatzeko soluzio bat eskaintzea da gure garapen gakoetako bat. Horretarako, plataforma bat sortu dugu datuak inbentario digital batetik jasotzeko". Hain zuzen, soluzio hori hautagai da Fabrikazio Aurreratu eta Digitaleko Teknologien Berrikuntzaren sarietan, aurten lehen aldiz egingo duten start-up berritzaileenaren atalean.

Elvira Leon: "modu deslokalizatuan eta eskaintzea eskariaren arabera fabrikatzeko soluzio bat eskaintzea da gure garapen gakoetako bat"

Duela hiru urte jaio zen Addvance, eta sei langile dira egun. Batez ere sektore industrialarekin egiten dute lan. "Zehazki, azpiegiturei edo produkzio baliabideei dagokienez mantentze arloan jarduera intentsiboa dutenekin. Uste dugu biltegiratzeko kostuak gutxitzeko soluzioa eskaintzen dugula, baita stock falta ekiditeko eta lehengaien kontsumo jasangarriagoa bultzatzeko ere", gaineratu du. Aipatutako zerbitzuaz gain, produzioaren kudeaketarako softwarea ere badute, haren kalitatea bermatzeko, eta prototipo berri batean ari dira lanean.

Biurtekoan euren lehen urtea izanik, azokan izatea ezinbestekotzat jo dute. "Bertan izan behar ginen", adierazi du Leonek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK