Bosgarren urtez Soraluce Summit ekitaldia antolatu du Danobatgroupen taldeko kooperatiba den Soralucek. Asteazkenean hasi eta ostiralean amaituko da aurtengo edizioa, eta 700 parte-hartzaile baino gehiago bertaratzea aurreikusi du makina-erremintako taldeak, Estatu Batuetatik, Alemaniatik zein Frantziatik.
Hala, bi egunez “nazioarteko erakusleiho” bihurtuko da Bergarako lantegia, sektoreko profesionalek teknologia berriak erakusteko aukera izango baitute. Martxan jarriko dira 25 makina, zuzeneko mekanizazioaren zazpi erakustaldi egingo dira, eta sei arlo teknologiko bisitatuko dituzte bertaratutakoek.
Ekitaldiko “mugarri nagusietako bat” izango da Soraluceko HGP goiko langetadun Gantry fresatzeko makinaren mundu mailako erakustaldia, zeina sektore aeroespazialerako den erabilgarria. Hala ere, beste zenbait alorretako makinak ere erakutsiko dira, hala nola, automatizaziokoak, energetikoak ala digitalizaziokoak.
“Zuzeneko erakustaldiak mekanizazioko gaitasun gakoetan oinarrituko dira, besteak beste, doitasun handiko eragiketetan, ebaketa baldintza zorrotzetako moteltze aktiboan edota ataza anitzeko prozesuetan”, azaldu dute Bergarakoek. Era berean, gogorarazi dute ateak irekita egongo direla, sektoreko enpresentzako ez ezik, erakundeentzako, hornitzaileentzako, ikastetxeentzako eta bestelako eragileentzako, “enpresak bere ingurune hurbilarekin eta, bereziki, talentuarekin duen konpromisoaren adierazgarri".