Makina erremintaren lehen foro sektoriala egin da Elgoibarko IMHkn. Bertan, sektore honetako enpresa liderrak bildu dira. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADEGIk eta Guipuzkoako Merkaritza Ganberak antolatu dute. Makina-erremintaren industriak aurre egin behar dien oztopoen eta erronken inguruan hitz egin da gaurko saioan. Ziurgabetasun geopolitikoa sektorearen etorkizuna baldintzatzen ari da. Besteak beste, Asiako lehia gero eta handiagoa da eta merkatu nagusietako eraldaketak markatzen dituzten egoerei aurre egin behar die sektoreak.
Foroan adierazi denez, automobilgintzaren ahultasunak bereziki baldintzatu du deformazioaren eremuak sufritu duen %11,9ko beherakada. Foroan landutako gai nagusien artean, nazioarteko lehia-presioa prezioetan, entrega-epeetan eta garapen teknologikoan zer eragin duen aztertu da. Bestalde, automozioan ibilgailu elektrikorantz eraldatzearen inpaktua aztertu da eta aeronautika, energia edo trenbidea bezalako esparruetarako dibertsifikazio-aukerak mahai gainean jarri dira.
Horretaz gain, digitalizazioarekin eta adimen artifizialaren lotutako erronkak aztertu dira eta industria zerbitzuekin, mantentze prediktiboarekin eta ekipoen modernizazioarekin lotutako negozio-eredu berriak garatzeko aukerak plazaratu dira. Foro honetan, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Paul Liceaga ADEGIko zuzendariondoko nagusiak eta Javier Zubiak, Ganberako zuzendari nagusiak parte hartu dute. Horiekin batera, hainbat enpresetako zuzendari eta arduradunak egon dira. Besteak beste, Gurutzpe, Soraluce, Ibarmia, Fagor Arrasate, Bost Machine Tools, Lagun Machinery eta AFMeko ordezkariek parte hartu dute topaketan.
Bilera honen ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du industriako foro berriak bultzatuko dituela. Besteak beste, automobilgintza eta mugikortasuna oinarri izango dituzte hurrengo foroa sortzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta