Marco Pineda Gomez bilbotarra izango da aurrerantzean Mirai Investments funtseko zuzendari nagusia. Orain arte Sidenorreko zuzendari orokorra eta Kutxabankeko kontseilari independentea izan da Pineda, eta 2019n sortu zenetik, Mirai funtsaren sustatzaileetako bat izan da.
Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzan lizentziatua da bilbotarra, eta Gaiker enpresan hasi zuen bere ibilbide profesionala. Gerora, Accenture konpainiako gerente izan zen, baita Elkargiko zuzendari nagusia ere.
Gaur egun 25 enpresa biltzen ditu Mirai funtsak eta “hazten jarraitzeko anbizioa” dutela azaldu du zuzendari nagusi berriak. “Talde bat sortu dugu, urratsez urrats, eta 2025aren amaieran 1.300 pertsona gara", azaldu du.
Izendapenari dagokionez, Pinedak adierazi du “urrats naturala” izan dela, proiektuak hartu duen tamaina aintzat hartuta, eta argitu du Sidenorrekin lotura izaten jarraituko duela, batzorde exekutiboko eta aholkularitza kontseiluko kide izango baita.
"Mirai izango da nire lehentasuna, asmo handiko helburuei erantzuna eman nahi baitiet, eta negozioen inbertsio-prozesuan eta kudeaketa exekutiboan espezializatuta dauden 20 pertsonako taldearekin lan egingo dut", gaineratu du.
Jose Antonio Jainaga Mirai funtsaren presidente eta Sidenorreko buruak, bestalde, adierazi du argi dutela hazteko zailtasunak dituzten enpresetan inbertitzen jarraitzeko asmoa dutela, eta sektoreetan erreferente izango diren enpresa talde handiak sortu nahi dituztela.