
Zeresan handia eman du Marieniak azken hilabete luzeetan. Izan ere, Kanboko eremu honetako lurren salmentak eta bertan Bouyges multinazionalak egin nahi duen higiezinen proiektuak, mobilizazio eta protesta ugari piztu ditu, eta hainbat isun, atxiloketa, eta epaiketara eraman du.
Baina, zer gertatu da, bada, Marienian? “Azken urteetan Euskal Herrian hainbat aldiz” gertatu den arren, pisu “sinbolikoa” ematen dio Maryse Cachenautek, Lurzaindiako ordezkariak, Kanboko kasuari. “Bere interesa non den berehala ikusten den” eremua da, “eremu handia, xahala, iraultzeko posibilitatearekin. Beraz, horrelako eremu batean edozein ekoizpen egiten ahal da”. Kostalde eta barnealde artean kokatutako eremua dela oroitarazi du, eta “espekulazioaren presioa anitz senditzen” dute bertako laborariek: “Eskualde honetan ez da lurrik. Arrunt gutti libratzen da laborarientzat”.
Kanbon badago laborantza arloa kaltetu gabe etxebizitza berriak non egin. Beaulieuko eremua ekarri du gogora, laborantzarako ez baita egokia, baina bai eraikuntzarako
Haatik, badira hamar urte Kanboko Herriko Etxeak herriko plangintza aldatu eta eremua eraikigarri ezarri zuenetik. Oposizioa aski azkar agertu baldin bazen ere, herriko etxeak herriaren etxebizitza berrien beharrarekin justifikatu du erabakia, “bizitegiaren problematika eta laborantzaren arazoa oposizioan emanez”. Alta, Cachenautek azaldu duenez, Kanbon badago laborantza arloa kaltetu gabe etxebizitza berriak non egin. Beaulieuko eremua ekarri du gogora, laborantzarako ez baita egokia, baina bai eraikuntzarako. Hortaz, “Kanbok baditu erantzunak, erantzuteko manerak, posibilitateak”.
Horrez harago, gaur egungo erronkak zein diren ikusirik, tartean, “laborantza babestea eta klima aldaketa”, eraikuntza birpentsatzea ezinbestekoa iruditzen zaio. “Gehiago dentsifikatu behar da, hiri barnean begiratuz zein diren posibilitateak”.
Maryse Cachenaut (Lurzaindia): “Erraz konprenitzen da jabeek zer ikusten duten: sosaren aldetik interesa non den”
Horregatik, etxebizitza beharrari erantzutea baino, herriko etxeko hautetsi batzuek beste interes batzuk babestu nahi dituztela deritzo. “Zein da haien motibazioa? Plazer egitea jabe batzuei”. Izan ere, lurraren jabeek hiru milioi euroko salmenta proposamena egin zioten Bouygues higiezin taldeari. “Erraz konprenitzen da jabeek zer ikusten duten: sosaren aldetik interesa non den ikusten dute”.
Lurraren espekulazioa, laborantzaren kaltetan
Beste zenbait espekulazio kasu ere izan dira azken urteetan Ipar Euskal Herrian. Adibidez, Arbonakoa oroitu du Lurzaindiako ordezkariak. Bi espekulazio mota izan daitezkeela nabarmendu du. Bata, Marienian gertatu den bezala, lurra eraikigarri bilakatuz lehen urratsa herriko etxeak egiten duenekoa. Bestea, laborantza lurrak oso garesti saltzen direnekoa. “Aberats batzuek etxea eta etxe inguruko eremua erosi nahi dute aisialdi leku bezala, beren lasaitasuna eta beren etxea babesteko”. Kasu bakoitza begiratzerakoan, etxea hektarea bat edo birekin saldu ohi da. Badirudi ez dela hainbeste, baina “emeki-emeki, eremu anitz jaten du fenomeno horrek”.
Ondorio lazgarriak ditu horrek laborarientzat, lurraren prezioa garestitzen baitu merkatuan. Beraz, salmenta garesti horien ondotik, lanerako lurrak erosteko xedea duen laborariak zailtasun gehiago izaten ditu eremu eskuragarriak topatzeko.
Ipar Euskal Herriko laborantza lur kopurua behera doa. 2000 eta 2010 urteen artean eremuen ia %10 galdu dela jakinarazi du
Horren eraginez, Ipar Euskal Herriko laborantza lur kopurua behera doa. 2000 eta 2010 urteen artean eremuen ia %10 galdu dela jakinarazi du Cachenautek; eta are okerrago, laborantza etxaldeen laurdena desagertu da. Gainera, Euskal Herria mendigunean izanik, hazkuntza da garatu gehien. Baina, baratzegintzarako egokiak diren lur gutxiago daude, eta beraz, “eremu ederrak edo iraultzen ahal direnak mantendu behar dira”. Marienian bezala, horrelako eremuak hartu ohi dira eraikuntzarako, “eta hori egin ondoan ez da sekula gibelerat egiten ahal. Eraikia delarik eraikia da”.
Horri aurre egiteko lanean dihardu Lurzaindiak. Lurrak erosten dituelarik ez saltzeko engaiamendua hartzen du, eta laborantzan instalatu nahi duenari departamentuak finkatutako prezioen arabera alokatzen zaizkio. Hala, “Lurzaindiak lurrak erosten dituelarik espekulaziotik behin betiko babestuak, salbatuak, dira”. Bestetik, lan sindikala ere egiten dute. Salmenta bat dagoelarik notarioak legez derrigortuak daude informazioa helaraztera, eta horietako bakoitza non eta nola egina izan den begiratzen du Lurzaindiak. Laborantzarako erabilia den lurra galtzeko arriskua edo prezio garestiegian saltzen den lurrik ikusiz gero, esku hartzea galdegiten du.
Laborarien prekarizazioa
Ipar Euskal Herriko laborari askoren etxaldeak aski txikiak dira gaur egun, eta horrek autonomia galera dakar. Izan ere, “ardi tropa bat eta behi tropa bat baduzularik, elikatzeko janari guzia ez duzu etxean ekoizten ahal”; hortaz, erabateko autonomia lortzeko baliagarria da zenbait laborarirentzat etxalde inguruko lurren bat erostea. Alta, laborantzarako eremuen gutxitzearekin eta gutxi horien garestitzearekin, geroz eta zailagoa bilakatu da askorentzat.
Hala ere, espekulazioaren ondorioek ez diete gaur egun jada laborari direnei bakarrik eragiten. Zifra zehaztu ez badu ere, Cachenautek dio badirela hainbat gazte laborantzan instalatzeko asmoa dutenak. Haatik, ez dute lurrik topatzen. Gainera, laborari berri horiek sarri lur txikiak bilatzen dituztela ikusi du Cachenautek, askok baratzegintzan instalatu nahi badute. Eta, hala eta guztiz ere, ez dute eremurik aurkitzen. Laborantza iraunkorraren etorkizuna arriskuan jarri dezake horrek, iraunkorra izaten jarrai dezan etxaldeak ere neurri zehatz batekoak izan behar baitira: “ez sobera handiak, giza neurrikoak”.
Maryse Cachenaute: “Ardi tropa bat eta behi tropa bat baduzularik, elikatzeko janari guzia ez duzu etxean ekoizten ahal”
Lan sektore honetan bidea hasi nahi dutenak lehen urratsak egiten laguntzen ditu Lurzaindiak. “Laborantzaren seme-alabak ez diren gazte batzuk instalatzen direlarik, badakigu biziki zaila eta konplikatua dela, ez da betere familian instalatzen zarelarik bezala”. Horregatik, lehen bi urteetan lurrak dohainik alokatzen zaizkie, “xantza guztiak emateko gazte bati bere instalatzeko proiektua lortzeko”.
Norabide horretan, hiru etxalde berritzeko diru bilketa kanpaina abiatu berri du Lurzaindiak uda hasiera honetan. Halaber, hiritar ugari baserrialdera bizitzera itzuli direla oharturik, elkarbizitzarako deia egin du. Argi du horretarako lan bat eraman beharko dela, baina baita egingarria dela ere, herri batzuetan egina izan baita dagoeneko. Garrantzitsua iruditzen zaio berriz ere biztanleria Ipar Euskal Herriko lurralde gehiagotan bizitzen hastea, “gaur egun denak kostaldean bizi baitira, eta barnealdea, Xiberoa batez ere, husten ari baita”. Baina, horretarako “traktoreen arrabotsarekin, euliekin eta usain batzuekin bizitzen ikasi behar dute”.