• ENPRESAK GAUR
  • Martxoan gora egin du enpresen sorrerak Hego Euskal Herrian

Martxoan gora egin du enpresen sorrerak Hego Euskal Herrian

Pasa den urtean baina konpainia gehiago sortu dira, bai Nafarroan, bai EAEn

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko maiatzaren 13a - 10:49
Eg. 2026ko maiatzaren 13a - 11:21

Martxoan 549 konpainia berri sortu ziren Hego Euskal Herrian, INEk berriki argitaratutako datuen arabera; 110 sozietate eratu ziren Nafarroan eta 439 EAEn. Zenbateko horiek 2025eko martxoarekin alderatuz gero, aurten enpresa gehiago sortu direla azter daiteke: Nafarroan %4,76 sozietate berri gehiago jaio dira, eta EAEn gorakada %14,62koa izan da. Otsailarekin alderatuta ere, enpresen sorreran hazkundea izan da, %9,15ko igoerarekin.

 

Ohikoa den moduan, gehiengoak sozietate mugatuak (S.L) izan dira, Nafarroako guztiak eta EAEko 435; gainerako 4 konpainiek sozietate anonimo izaera hartu dute.

Era berean, beste hainbat konpainia suntsitu dira: 137, hain zuzen ere. Haatik, joera desberdina izan da Nafarroan eta EAEn: lehenengoaren kasuan, iazko martxoan desagertu ziren enpresen erdia besterik ez da itxi (4 konpainia); bigarrenaren kasuan, ia %20 konpainia gehiago desagertu dira (133 konpainia).

 

Bizkaian jaitsi dute pertsiana gehienek, 68 sozietatek, eta atzetik izan ditu Gipuzkoa eta Araba, hurrenez hurren 44 eta 21 enpresa desagertu baitira. Ixteko arrazoiei dagokienez, Hego Euskal Herriko 109 itxi dute enpresa borondatez, eta 11 konpainia beste batzuekin elkartu dira. 17 enpresa beste arrazoi batzuengatik hetsi dira.