MasMovil eta Orangen arteko fusioaren zirrikituak

Sortutako enpresa estatuko telefoniaren sektoreko handiena izango litzateke

Irudia: Libre Mercado Irudia: Libre Mercado

Duela urtebetetik egiten ari den Orange eta MásMóvil enpresen arteko bat-egitea azken txanpan sartu da, bi konpainiek Espainian dituzten negozioak konbinatzeko negoziazio-aldi esklusiboa hasi dutela iragarri ostean. Eragiketa bateratua da, eta Espainiako bigarren telekomunikazio-operadoreak sortuko luke, zuntz eta mugikorreko bezeroen % 40tik gorako kuotarekin.

Bat-egiteak ere eragina izango du euskal merkatuan, MásMóvil enpresak bi filial baititu: Euskaltel eta Guuk. Enpresa horietan eragina izan lezake Orangerekin integratzeak, eta horrek aldaketak ekar litzake lan-baldintzetan, tarifetan edo inbertsioetan. Gainera, bat-egiteak telekomunikazioen sektoreko lehia murriztu lezake, low cost telefoniak ia guztiak enpresaren boterearen mende egongo liratekeelako. Europako Batzordeak zalantzak ditu bat-egitea egin beharko ote litzatekeen; izan ere, ohartarazi du litekeena dela prezioak handitzea eta zerbitzuaren kalitatea murriztea, kontsumitzaileari eraginez.

Derioko egoitzetako proiektua ezbaian?

MasMovil enpresak Euskaltel erosi zuenean (2021eko uztailean, eta 2.000 milioi euroko balioa zuen), Espainiako laugarren operadore gisa indartu zuen MasMovil, eta Euskal Herrian duen presentzia handitzea ahalbidetu zion, Euskaltelek ezarpen handia baitu herri honetan. Aitzitik, aipatzekoa da Gipuzkoan duela jatorrietako bat MásMóvilek. Izan ere, haren oinarrian izandako Ibercom Andoaingo harategi baten jaio zen 1997an, José Pozak sortua. Urtebeteko epean 117.000 euro fakturatzera iritsi zen, eta 2014ean fusionatu zen Meinrad Spengerrek sorturiko Más Movilekin.

MasMovil enpresak Euskaltel erosi zuenean [...], Espainiako laugarren operadore gisa indartu zuen MasMovil, eta Euskal Herrian duen presentzia handitzea ahalbidetu zion, Euskaltelek ezarpen handia baitu herri honetan

Duela aste gutxi jakin genuen MasMovilek Derioko bulegoetan I+Gko zentro bat ezartzeko erabakia hartu zuela, bertan baitago Euskaltelen egoitza. Orain, MasMovil eta Orangeren arteko bat-egitea gertatuz gero, Euskaltelen erosketaren baldintzak alda litezke, MasMovilek Euskal Herrian duen apustuan erabaki horrek nola eragingo lukeen ikusita.

Merkatuaren eta Lehiaren Batzordearen esku

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak eta Europako Batzordeak onartu beharko dute bat-egitea, eta konpromisoak edo murrizketak ezar ditzakete oligopolio-egoera saihesteko. Gainera, bat-egitea bi taldeak negozio berrietan hedatzen ari diren unean gertatzen da, hala nola finantza-sektorean.

Akziodunen jarrera bat-egitearen aldekoa da. Eragiketaren atzean Frantziako estatua dago, Orange taldearen partaidetzen %23 biltzen baititu. Orange eta MásMóvil enpresen arteko bat-egiteak Espainian liderra izatea ekarriko du, Movistarren gainetik, 31 milioi linea baititu mugikorren eta internetaren artean. Konpainia berriak eskaintza komertzial zabala izango du, premium marketatik hasi eta low cost marketaraino, eskualdekoetatik igaroz. Horrela, enpresa berriaren aterkipean Orange, MásMóvil, Yoigo, Pepephone, Llamaya, Lebara, Jazztel, Simyo, Amena eta República Movil egongo lirateke, besteak beste. Izan ere, konpainiaren estrategia izan da hasiera-hasieratik bestelako enpresak erostea.

Akziodunen jarrera bat-egitearen aldekoa da. Eragiketaren atzean Frantziako estatua dago, Orange taldearen partaidetzen %23 biltzen baititu

Orange eta MasMovil enpresen arteko bat-egitea eragiketa estrategikoa da bi konpainientzat, gero eta lehiakorragoa eta saturatuagoa den merkatu batean tamaina eta eraginkortasuna lortu nahi baitute. Hala ere, eragiketa konplexua eta arriskutsua ere bada, eta hainbat oztopo erregulatzaile eta sozial gainditu beharko ditu gauzatu aurretik.

Informazio gehiago
Fusio hotsak MasMovilen
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK